Garaipen erraza

img
Argazkia: iraurgi SB

Azkoitia Azpeitia ISBk, erasoko erakustaldia emanez, 50 eta 96 irabazi zuen Bilboko La Peña taldearen kantxan eta laugarren daude sailkapenean.

Lehen postuetan mantentzeko garaipenak behar-beharrezkoak izaten dira eta denboraldia amaitzen dabilen heinean garaipen errazak lortzea ez zaio bat ere gaizki etortzen talde bati. Azkoitia Azpeitia ISBk helburu garbi bat dauka: lehen postua eskuratzea ezinezkoa duenez, bigarren multzoan ahalik eta goren amaitu, playoffak jokatzeko aukera ematen duten lehen bost postuetan sartu ahal izateko. Oraingoz laugarren daude, baina seigarren garaipen bakarrera dago.

Bilboko Abusu auzoko La Peña taldea beheko postuetan dago sailkatuta, baina bere kantxan jokatzea ez da sekula erraza izaten. Bolada onean dabil Alex Astigarragaren taldea eta printzipioz garaipena lortzea posible zela aurreikusi zitekeen, baina partiduak jokatu beharra daude beti. Gogotsu irten ziren kantxara Iraurgikoak, kontzentrazio itzelarekin eta bai defentsako lana eta baita erreboteko lan bikaina eginez. Erasoan gainera, punteria bikaina erakutsi zuten eta markagailuan ihes egin zuten. Atzean egindako lan onak erasoan huts egiten zenean lasai jokatzera eraman zituen. Gainera, erasoko errebote batzuk ere hartu zituzten eta atsedenaldirako ia 20 puntuko aldea zeukaten: 25 eta 44.

Ordura arteko lana gutxi izan zela irudituta edo, hirugarren laurdenean ere lanean tinko jarraitu zuten Alex Astigarragaren mutilek. Defentsan sendo segitzen zuten eta erreboteak jaso bezain pronto korrika irteten ziren kontraerasora eta puntu pila lortu zituzten modu horretan: 30 guztira. Ordura arte garaipenak Gipuzkoako bidea hartuko zuela ematen baldin bazuen, hirugarren laurdenak guztiz konfirmatu zuen. Azken minutuetan, denbora ahalik eta azkarren pasatzeko nahiarekin, entrenamendu minutuak izango bailiran jokatu zuten gipuzkoarrek, defentsa pixka bat laxoagoa izan zelarik. Azkenean 50 eta 96.

Azken neurketa erosoa eduki izanak, ez du esan nahi hurrengoak horrelakoak izango direnik. Datorren larunbatean Paduraren aurka jokatuko dute arratsaldeko 18:30tan. Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdia larunbatean izango da baita ere, eta kirol arratsalde bikain bat amaitzeko plan egokia izan liteke Azkoitia Azpeitia ISB animatzera pasatzea Azpeitiko kiroldegitik. Playoffetara sailkatzeko bidean animoak beharko dituzte jokalariek.

Saskiratzaileak: Xabi Aldalur (9), Urbizu (5), Xabi Oroz (13), Jakes Alberdi (16), Jabi Amenabar (11), Azkue (17), Unai Amenabar (4), Beñat Aldalur (2), Artola (13), Arrieta (6)