Erritmo motelaren aurka, kontraerasoa

img
Argazkia: Iraurgi SB

Azkoitia Azpeitia ISBk bosgarren garaipena lortu du erreskadan, Padurari 81 eta 66 irabazi eta gero.

Lehen postuetan jarraitzeko garaipenak batzea besteri ez dago, eta Azkoitia Azpeitia ISBk, bosgarrena erreskadan lortu du pasa den asteburuan Padura garaituta. Laugarren postura egin zuten salto Alex Astigarragaren mutilek aurreko astean, eta bertan jarraituko dute beste garaipen bat lortu eta gero. Badirudi, denboraldia pasa ahala eta jokalarien lesioak gutxika-gutxika ahazten joan diren moduan, Iraurgi SBko jokalariak sasoi onena aurkitzen hasi direla. Ez da seinale txarra, fase erregularra amaitzeko 6 partidu besterik ez baitzaizkie gelditzen eta beraz, igoera kanporaketak jokatzeko postuen bila, momenturik garrantzitsuenean sartuta baitaude.

Gipuzkoarrek ondo baino hobeto ezagutzen dute Padura taldea eta hauek ezarri ohi duten erritmo motela. Horregatik, eta jakinda ISBkoak erosoen, korrika eta erritmo bizian jokatuz sentitzen direla, defentsan gogor jarri ziren lehen minututik, kontraerasoan ahalik eta gehienetan irten ahal izateko. Baita lortu ere, eta 10 puntu goitik di-da batean jarri ziren gainera. Arrigorriagakoak atzean zona barruan asko itxi zuten euren defentsa eta horri esker errebote lanean arazorik ez zuten eduki, baina hasieran etxekoek lortutako errentari buelta ematerik ez zuten eduki eta atsedenaldira 39 eta 29ko emaitzarekin iritsi ziren.

Partidua ondo bideratuta zeukaten etxekoek baina agian horregatik hirugarren laurdenean tentsio eta oldarkortasuna ez ziren izan lehen zatiko berdinak. Erasoan huts egite asko izan zituen eta 4 minutu behar izan zuten saskiratze bat lortzeko. Padurakoek ondo aprobetxatu zuen oparia eta laurden amaieran bizi-bizirik uzten zituen hiru puntuko desabantaila besterik ez zuten. Oso minutu txarrak izan ziren ISBkoentzat, baina erreakzioa azken laurdenean iritsi zen. Defentsa berriz ere tenkatu eta kontraerasora irtenda eroso sentitzen hasi ziren berriz. Saskiratze errazek konfiantza eman zieten gainera eta erasoan erakustaldia ematen amaitu zuten, laurden honetan 33 puntu sartuta. Azkenean 81 eta 66 irabazten amaitu zuten eta guztia horren gustuko duten joko azkarrari esker.

Goian mantentzen jarraitzeko datorren asteburuan Ardoiren kantxan jokatu beharreko neurketa ere oso garrantzitsua izango da. Kantxa zaila izateaz gain, nafarrak beheko postuetatik irteteko nahiarekin dabiltza eta horretarako etxeko neurketak irabazi beharra dituzte. Beraz, beste partidu bat 40 minutuan lan egiteko.

Saskiratzaileak: Xabi Aldalur (10), Urbizu (3), Xabi Oroz (3), Jakes Alberdi (11), Jabi Amenabar (5), Azkue (16), Unai Amenabar (2), Luis (8), Beñat Aldalur (14), Artola (4), Jokin, Beñat Altzibar (4)