Pausuz pausu goraka

img
Argazkia: Iraurgi SB

Ardori 64 eta 83 irabazi eta gero Azkoitia Azpeitia ISBk hirugarren postura salto egin du eta Lauko Finala jokatzeko aukera gertuago daukate.

Zizurrera bidaiatu zuten Azkoitia Azpeitia ISBkoek pasa den asteburuan. Behe aldean sailkatuta dagoen talde baten aurka jokatu behar zuten Alex Astigarragaren mutilek, baina ez zuten neurketa erraza izango, etxekoak sentsazio hobeak ematen ari zirelako entrenatzailea aldatu dutenetik. Hala ere, irabazi beharreko partidua zuten gipuzkoarrek lehen postuetan mantendu ahal izateko.

Hori dela eta, partidua lehenbailehen puskatu behar zutela jakinda kantxaratu ziren, baina defentsako lana ez zen bat ere ona izan eta etxekoek erraz lortu zituzten saskiratzeak. Egia da hala ere, erasoan gauzak nahiko txukun egin zituztela gipuzkoarrek eta saskiratze trukaketa horretan markagailuan aurretik ikusi zirela, baina gauzak asko hobetu behar zituzten hurrengo minutuetan partiduko aginte makila hartu ahal izateko. Gutxika-gutxika, kanpokoen defentsa txarra aprobetxatu eta markagailuan agintzen jarri ziren Ardoikoak, bost puntuko aldea eduki arte. Baina orduan partidua guztiz aldatu zen. Alex Astigarragaren mutilak defentsan lanean sendo hasi ziren eta horrek gerora erasoan abiadura handiz jokatzeko aukera eman zuen. Modu honetara 0 eta 11ko partziala burutzea lortu zuten bi minututan eta atsedenaldira 38 eta 47 joan ziren.

Atsedenalditik bueltan nafarren 5 eta 0ko partzial batek gipuzkoarrak berriz esnatzeko balio izan zuen eta bigarren laurdenean egin moduan, atzean sendo jokatuz eta erasoan azkar jokatuta alde egin zuten markagailuan, partidua puskatzea lortu arte. Etxekoek ez zuten gogoz hartu eta epaileengan jarri zituzten euren begiak. Hauek protesta bakarra ere ez zuten onartu eta guztia zigortu zuten, Azkoitia Azpeitia ISBri are eta lasaiago jokatzeko aukera emanez. Azken laurdenerako dena zegoen erabakita eta hori dela eta, lasaitasun gehiegirekin jokatu zuten kanpotarrek, akats ugari eginez. Baina hala ere, garaipenak ez zuen ihes egin eta erraz irabazten amaitu zuten: 64 eta 83. Goi postuetan mantentzeko garaipen garrantzitsua, baina gauza asko ikasi beharreko partidu baita ere.

Hurrengo aurkaria laugarren postuan sailkatuta dagoen Universidad Deusto Loiola Indautxu izango da. Kontrario zuzena ezbairik gabe, bilbotarrek lehen bost postuetan sailkatzea baitute helburu baita ere. Beraz, okerretatik ikasi eta garaipen bidean jarraitzeko lana gogotik egin beharko dute larunbat arratsaldean irabazteko.

Saskiratzaileak: (20-23/38-47/49-73/64-83)

AZKOITIA AZPEITIA ISB: Xabi Aldalur (13), Urbizu (18), Xabi Oroz (6), Jakes (12), Javi (8), Mikel Azkue (6), Unai Amenabar (4), Luis (4), Beñat Aldalur (8), Artola (2), Mikel Arrieta (2), Beñat Alzibar (2).