Irati Etxeberria: “Portugaleteren aurkako neurketa izango da gakoa”

img
Argazkia: Iraurgi SB

Taldeko kapitainetako bat da Irati Etxeberria. Azken garaipenak indarrez bete dituela dio eta denboraldi bikainak jarraitzaile gehiagoa izatera eraman izanagatik, ligari ginga jarri behar diotela uste du.

- Hiru partidu bakarrik gelditzen zaizkizue eta “Final Four”erako txartela, esku-eskura daukazue.
“Gogo handiarekin gaude, hiru partiduren faltan, seigarrenari bi garaipen ateratzen dizkiogula kontutan hartuta, badakigulako gure esku dagoela sailkapena. Guk hiru partidu on egiten baldin baditugu sailkatu egingo gara eta lortzeko gogo handiarekin gaude.”
- Egin duzuen denboraldiarekin zuen esku izatea aukera, ia derrigorrezkoa beharko luke, ezta?
“Egia da. Lehen itzulia sekulakoa izan zen, baina bigarrenean arazo gehiago izan ditugu. Egia esan, ilusio pixka bat galtzen ere hasiak ginen, beltz ikusten genuelako sailkapena, baina azken partidu hau irabazi eta gero eta ikusita gure esku dagoela berriz piztu gara eta azken txanpa gogo biziz hartuko dugu.”
- Taldeak behera egin zuen partidu baten batez ere, bere izaera galduta ibili zena, baina ordutik hona, berriz gorantz zatozte.
“Ardoiren aurkako partidua izan zen neurketa txar hori. Ez zen gaizki ibili ginela bakarrik izan, taldeak eman zuen itxura izan zen kezkagarriena, borrokatzeko gogo gabe ibiliko bagina bezala. Baina azken bi partiduak nahiko itxurosoak izan direla esango nuke. Burlatan aurka ondo borrokatu genuen eta Gernikaren aurkakoan, borrokatu bakarrik ez, garaipena ere eskuratu genuen, eta geroz eta gusturago gaude.”
- Eta gelditzen zaizkizuen hiru partidu hauetatik zein uste duzu izango dela gakoa?
“Nik uste Portugaleteri irabaztea izango dela gakoa. Ibaetarekin zailagoa izango da, nahiz eta saiatuko garen eta suerte pixka batekin dena erabakita utziko dugun etxean, azken neurketara itxaron gabe. Baina guztia Portugaleteri irabaztetik etorri beharko da.”
- Denboraldi hasieran uste al zenuten horren liga borobila egingo zenutenik?
“Urteroko helburua da pausu bat aurrera ematea baina inondik inora ez genuen uste lehen itzulia horren perfektua irtengo zenik eta horren gora begira egongo ginenik. Gauzak nola joan ziren ikusi eta gero, hasi ginen pentsatzen playoffak jokatuko genituela eta nahiz eta bigarren itzulian partidu batzuk galdu genituenean, pixka bat ezkor jarri ginen, baina oraindik gure esku dago, eta horrek beste ilusio eta motibazio bat pizten du guregan.”
- Lehen itzulia amaitu zenean, baten batek baino gehiagok esan zuen Teneriferako hegazkin txartelak ordaintzeko dirua nondik atera ikusi beharko zela.
“Jajajaja. Ez genekien non jokatuko ziren LF2rako igoerarako Espainiako kanporaketak, baina batzuek brometan hasi ginen ia nora tokatuko zitzaigun ametsetan, lehen sailkatua zuzenean pasatzen delako bertara, baina hori dagoeneko urrun gelditzen zaigu eta lehen bostetan sartzearekin konformatu beharko gara, playoffak jokatzen ahalik eta gehien disfrutatu, esperientzi berri bat izango delako eta aprobetxa beharra daukagulako. Izan ere, sailkatuko garela espero dut.”
- Egin duzuena baino gehiago egin al daiteke emakumezkoen saskibaloira jendea erakartzeko?
“Bai Azkoitiko kiroldegira eta baita Azpeitikora ere jende dezente etorri izan zaigu partiduak ikustera. Azpeitiko kiroldegian agian ez da gehiegi nabaritzen harmaila gehiago ere badagoelako. Baina irabazi eta irabazi ibili garen horrekin, jende askok galdetu digu ia nola gabiltzan, pentsatu izan du hauek ikustera joan beharko dugu eta jarraitzaile bihurtzen amaitu dute. Eta gu horrekin ere asko poztu gara, konturatu garelako ez dela bakarrik mutilen saskibaloia, gure atzetik ere jendea badabilela. Nik berez ez dut sekula sentitu hemen inportantzia gutxiago ematen zaionik emakumeen lanari, baina egia da gizartean errotua dagoen zerbait dela kirola gizonezkoen gauza bat dela eta horregatik dituzte jarraitzaile gehiago. Baina guk ere baditugu gureak eta horrek poztu egiten du bat.”