Erabakigarria izan daitekeen garaipena

img
Argazkia: Iraurgi SB

Zurt Taberna ISBk 31 eta 50 irabazi zuen Portugaleten eta lehen gertu zituen playoffak, oraindik eta gertuago ditu.

Denboraldiko fase erregularra amaitzeko bi partidu besterik ez zaizkio gelditzen Zurt Taberna ISBri eta bi garaipeneko aldea dauka seigarren sailkatu den Ardoirekiko. Hori bai, nafarrek basketaberagea irabazita dute gipuzkoarrekiko eta beraz Joseba Lizarralderenek ez dute igoera kanporaketetarako sailkapena guztiz lotuta. Hala ere, atzamar puntekin ukitzen hasi dira, Portugaleten irabazi izanak eta duten egutegia kontutan hartuta, lehen bost sailkatuen artean egoteko aukerak handitzen dituelako.

Astean zehar ondo mentalizatu ziren Iraurgi SBko neskak Portugaleten jokatu behar zuten partidurako. Jakin bazekiten seguruenik helburua lortzeko nahi horretan, igandean jokatu beharreko neurketa, denboraldiko neurketarik garrantzitsuena izango zela. Horregatik eta aurreko astean Gernikaren aurka lortutako garaipenak lagunduta, ilusioz beterik joan ziren Bizkaia aldera jokatzera. Hala ere, neurketa ez zuten nahi bezain ondo hasi. Etxekoek 6 eta 0ko partziala lortu zuten kanpotarren gorputzean beldur pixka bat sartuz, baina horren kontrako erremedioa topatu zuen Zurt Taberna ISBk. Errebotea ixten hasi eta erasoan errezitala ematen hasi ziren. Baloia bikain mugitu eta behin eta berriz aukerarik onena topatu zuten, bai barruko jokoan eta baita kanpotik ere. 2 eta 22ko partziala egin eta markagailuan alde egin zuten. Hortik aurrera eta erasoan gehiegi asmatu ez bazuten ere, eroso jokatzeko aukera izan zuten, izan ere, defentsan lana bikain egiten jarraitzearen ondorio izan zen laurden oso batean Portugaletek bost puntu besterik ez zituela lortu.Modu honetara atsedenaldian 20 puntuko aldea zuen Zurt Taberna ISBk: 13-33.

Partidua erabakitzeko bidean zuten gipuzkoarrek baina Joseba Lizarralderen neskek ez zioten lana egiteari utzi. Egia da erasoan ez zutela gehiegi asmatu, baina etxekoak gehienez 15 puntura gerturatu ziren eta horrek ekarri zuen azken laurden lasaia jokatu ahal izatea. Defentsan sendo jarraitu zuten eta azkenerako nahiko erraz irabazten amaitu zuten: 31 eta 50.

Hurrengo igandean Azpeitiko kiroldegian bigarren sailkatua den Donosti Basket Bera Beraren aurka jokatuko du Zurt Taberna ISBk. Aurkari paregabea Iraurgi SBko neskak animatzera joateko. Batetik aurkaria goi mailakoa delako, bestetik etxean azkena izango delako eta azkenik, irabazi ezkero, matematikoki lortuko duelako playoffetarako sailkapena Zurt Taberna ISBk.

Saskiratzaileak: (8-21/5-12/10-7/8-10)

PORTUGALETE: Nuñez (4), Arza (2), Incera (10), Fernandez, Martinez (2), Rey (2), Meledregar (2), Fernandez (6), Santos (3)

ZURT TABERNA ISB: Garazi (7) Eider, Sara, Irati, Maite Zubizarreta (13),Intza Lizarazu (10), Berezi (9) Maitane (6), Itsaso (5).