Talde garaipen bikaina

img
Argazkia: Azkoitia Azpeitia ISB

Azkoitia Azpeitia ISBk aurkari zuzena den Universidad Deusto Loiola Indautxu taldeari 61 eta 54 irabazita hirugarren postua finkatu du.

Zazpi garaipen jarraian lortzea ez da bat ere erraza, baina denboraldia amaitzen ari den heinean, Azkoitia Azpeitia ISB geroz eta hobeto sentitzen dabil. Azken partidua aurkari zuzen baten aurka jokatu zuten Alex Astigarragaren mutilek eta bolada onari jarraituta, talde lan bikainarekin, garaipena lortu eta hirugarren postua finkatu dute, playoffetarako txartela geroz eta gertuago dutelarik.

Larunbatean borroka horretan ere murgilduta dagoen Universidad Deusto Loiola Indautxuren bisita jasan zuten. Partidu gogorra espero zen beraz, talde dinamiko eta bizkorra baita bizkaitarra eta gainera bolada onean zegoena. Partidua nahiko parekatua izan zen bere hasieran, baina kanpotarrak ibili ziren aurretik, batez ere, erasoko errebotean min handia egin zutelako. Horrek bigarren aukera asko izatera eraman zituen eta etxekoek asko sufritu zuten. Baina akats hauek zuzentzen hastearekin bat, Iraurgi SBkoak partiduko jabe egiten hasi ziren. Kanpokoen presioari aurre egiten jakin izan zuten gainera eta gutxika-gutxika markagailuan aurre hartzeaz gain, agintzen ere hasi ziren. Jakinda garaipenaren gakoa defentsatik hasiko zela, 29 puntu bakarrik jaso zituzten atsedenaldirako, sei puntu aurretik joan zirelarik aldageletara.

Bigarren laurdenean edukitako domeinu berdinarekin jarraitu zuten hirugarren laurdenean baita ere Azpeitia Azkoitia ISBkoek. Defentsan bikain jarraitu zuten lanean eta horrek baloi batzuk berreskuratzea eragin zuen, eraso azkarrak egin ahal izatea ahalbidetuz. Partidua ez zuten puskatzerik lortu, baina 5-6 puntuko aldea ederki mantendu zuten Loiola Indautxukoen desesperaziorako. Azken minutuetan defentsa lanak izan ziren nagusi eta erasoan akats gehiegi ikusi ziren gauza onerako. Baina txarrenean onena, etxekoek abantailari eusten jakin izan ziotela, azkenean 61 eta 54 irabaziz.

Datorren larunbatean neurketa benetan zaila izango dute Alex Astigarragaren mutilek, momentu honetan ligako talderik onenaren kantxan jokatu beharko baitute. Hirugarren postua finkatuta izateak, konfiantza emango dio Azkoitia Azpeitia ISBri eta konfiantza horrekin salto egin beharko du Usabal kiroldegiko kantxara Tolosako TAKEren aurka jokatzeko.