Lauko Finalera!!

img
Argazkia: Iraurgi SB

Zurt Taberna ISBk Donosti Basket Bera Berari 50 eta 44 irabazita matematikoki eskuratu du igoera fasera sailkatzeko playoffak jokatzeko txartela.

Ez dute berehala ahaztuko Zurt Taberna ISBko neskek apirilak 13ko eguna, LF2rako igoera fasera sailkatzeko playoffak jokatzeko sailkapena lortu baitzuten. Egia da, Tabirakok goizez Ardoiri irabazi eta gero matematikoki sailkapena poltsikoratu zutela Lauko Finalerako, baina Donosti Basket Bera Bera bigarren sailkatuari irabazita, oraindik bosgarren postutik gorago ere amaitzeko aukera daukate. Izan ere 18 garaipenekin berdinduta daude Atletico San Sebastian laugarrenarekin eta azken hauek 19 garaipenekin dagoen Donosti Basketen aurka jokatuko dute azken jardunaldian. Donostiarren arteko derbyan ematen den emaitza edozein dela, Zurtek Banco Mediolanum-i irabazten badio, laugarren amaituko du, Atco. San Sebastianek galduta honi pasako liokeelako eta alderantziz gertatu ezkero, hiruko berdinketa batean, Donosti Basketek amaituko lukeelako bosgarren.

Jardunaldiko talderik kaltetuenetako bat izan da Donostia Basket Bera Bera. Azpeitiko kiroldegira iritsi ziren lehen postuaren bila. Tabirako bizkaitarrekin lehian ziren igoera faserako zuzenean txartela ematen duen lehen postu hori lortzeko eta Zurt Taberna ISBren aurka irabaztea behar beharrezko zuten horretarako. Gainera etxekoek baja garrantzitsuak zituzten, ez Garazi ez eta Naro ez baitzeuden jokatzeko eta joko antolaketan hutsune bat eduki zitzaketen, baina ez zuten uste Maite Galdosek eta Maren Loiolak horren ondo erantzungo ziotenik erronkari. Izan ere, Iraurgi SBko neskek sekulako erritmoa jarri zioten partiduari lehen minutuetan. Defentsan lana erruz eginez, sekulako zailtasunak jarri zizkieten donostiarrei. Hauen jokalari garaiek ia baloirik ez zuten ukitu eta jaurtitzaile finak edukitzeak ere ez zien balio izan, eroso ezin izan zutelako jaurti. Modu honetara etxekoak kontraerasora irtetea lortu zuten behin eta berriz, 10 puntuko aldea zabaltzeraino. Lehen laurdenean zazpi puntuan utzi bazituzten kanpotarrak, bigarrenaren hasieran gehiago lortuko ez zituztela eman zieten aditzera ISBkoek Donosti Basketekoei. Hala ere, kanpotarrak defentsan gehiago sakatzen hasi ziren eta kanpotik jokatzeko arazoak eduki zituzten. Orduan Itsaso agertu zen, erasoko buruko min guztiak uxatzeko. Barruan berarekin jokatzen hasi eta puntuak hortik etorri ziren behin eta berriz, momentu batzuetan geldiezin bihurtu baitzen. Kanpotarrak sufritzen zebiltzan defentsan, baina erasoan gozatzen hasi ziren. Euren kalitatea plazaratzeko aukera eduki zuten eta horri esker atsedenaldia heldu orduko lau puntura gerturatuta zeuden: 27-23.

Ez ziren kikildu baina Joseba Lizarralderen neskak. Hirugarren laurdena hasi bezain laster 6 eta 0ko partziala egin zuten eta hamarreko aldea zabaldu zuten berriz. Baina horren kontrako erremedioa azkar asko topatu zuten donostiarrek. Kanpotik jaurtiketak egiten hasi eta hirukoa bata bestearen atzetik sartuz, markagailuari buelta ematea lortu zuten. Hortik aurrera lehia oso estua ikusi ahal izan zen. Talka batek alde batean, kolpea beste uztaian bigarrenak. Saskiratze bakoitzak urre pisua hartu zuen. Azken minutuetan baina, etxekoek burua hotzago mantentzea lortu zuten eta Azpeitiko kiroldegian batutako zaleen gozamenerako eta Maite Zubizarretak jaurtiketa libreen eremutik eduki zuen efikaziak lagunduta, 50 eta 44 irabazten amaitu zuen Zurt Taberna ISBk. Partidu serioa eginez eta defentsa bikainarekin lortutako pisuzko garaipena, Lauko Finalean ate handitik sartuz.

Saskiratzaileak: (15-7/12-16/9-13/14-8)

ZURT TABERNA ISB: Eider Iturralde, Sara, Maite Galdos (2), Irati (3), Maite Zubizarreta (10), Intza Lizarazu (13), Berezi (2), Maitane (5), Itsaso (15) Maren Loiola.

DONOSTI BASKET: Gabilondo (3), Toral (7), Telleria, Mitxelena (8), Sagrado (5), Aldalur (7), Murillo, Leibar, Ormaetxea (7), Olazabal (2), Vazquez (5)