Liderraren aurka gabezia guztiak agerian utzita

img
Argazkia: Iraurgi SB

Azkoitia Azpeitia ISBk garaipen bolada bikainari agur esan zion Tolosan, partidu txar baten ondoren 72 eta 48 galduta Bide Bide Donostiren aurka.

Garaipen boladek normalean amaiera izaten dute, lehenago edo beranduago eta Azkoitia Azpeitia ISBri zazpi partidu jarraian irabazi eta gero iritsi zaio boladaren akabera. Liderraren aurka jokatu behar izatea ez da erraza eta gutxiago jakinda Bide Bide Donosti zer nolako denboraldia egiten dabilen, bi partidu besterik ez baitituzte galdu tolosarrek, baina horrelako partiduetan, nahiz eta galdu, garrantzitsua izaten da daukazun dena eman eta itxura ona uztea. Baina Alex Astigarragarenek, jipoi galanta jasotzeaz gain, itxura nahiko txarra eman zuten, eta dena, etxekoen lehen kolpea jaso zuten bezain pronto, besoak jaitsi zituztelako. Iraurgi SBko taldea oso lehiakorra da, baina partiduetan jokalariek %120a ematen ohi dutelako. Borroka horrek zailtasunen aurrean ere tente mantentzen laguntzen die, baina segituan besoak jaitsi ezkero, garaipenetik urrun ibiliko dira.

Egia esan, partiduak gutxi dauka kontatzeko, lehiak bost minutu besterik ez baitzuen iraun. Hurrengo 35 minutuetan, bai erasoan eta baita defentsako lanean ere jaun eta jabe izan ziren etxekoak. Atsedenaldirako dagoeneko markagailua bikoiztuta zeukaten Tolosakoek (34 eta 17) eta hortik aurrera ez indarrik, ez eta konfiantzarik ez zuten eduki Azkoitia Azpeitia ISBkoek. Gainera, eta egunik onena eduki ez arren hiruko marratik bilatu nahi izan zituzten puntuak, distantzia ahalik eta azkarren murriztu nahian edo, baina modu horretara bakarrik zaila izaten da puntuak eskuratzea. Azkenean 72 eta 48 amaitu zen partidua.

Aurrera jarraitzeko, egindako hutsetatik ikasi eta horrelako neurketak lehenbailehen ahaztea da onena. Ilusioa eta lanerako gogoa euskarri moduan hartuta, hurrengo partiduek Lauko Finalerako sailkapena matematikoki lortu eta igoera fase hori ahalik eta hobeen prestatzeko balio behar dute. Hurrengotik hasita, Biok Zerbitzuak OKEren aurkakoa. Ordiziakoak 2 garaipenetara daude eta Azkoitia Azpeitiak ISBk irabaziz gero, aurkari bat baztertuko dute lehen bost postuetan sartzeko lehia horretan.

Saskiratzaileak: Xabi Aldalur, Urbizu (15), Jakes (2), Javi (17), Mikel Azkue (6), Unai Amenabar, Luis (3), Beñat Aldalur (3), Artola, Beñat Alzibar(2).