Laugarren amaituta disfrutatzen segitzeko garaia

img
Argazkia: Iraurgi SB

Lauko Finalaren atarian, 35 eta 53 irabazi zuen Zurt Taberna ISBk Banco Mediolanum-en aurka ligako azken jardunaldian.

Aurreko jardunaldian Lauko Finalerako matematikoki sailkapena lortu eta gero, txapelketa hori ahalik eta hobeen prestatzea dute helburu Zurt Taberna ISBko neskek. Horregatik, batek baino gehiagok pentsa zezakeen asteburu honetan jokatu beharreko neurketak ez zeukala apenas garrantzirik eta gainera momentu ez-aproposean iristen zela. Baina Banco Mediolanum azken sailkatuari egin beharreko bisitak bazuen bere garrantzia: irabaziz gero, laugarren postuan amaitzeko aukerak edukiko lituzkete Joseba Lizarralderen neskek eta modu horretara, Lauko Finalean anfitrioia izango den Leioa ekidingo lukete final-erdietan.

Horregatik arazo minimoenetik ihes egin eta lehenbailehen partidua puskatzeko nahiarekin irten ziren kantxara. Etxekoen zonakako defentsa bikain apurtzen jakin izan zuten, barruan erraz jokatuz eta kanpotik behin eta berriz asmatuz. Lehen laurdenean 16 puntuko aldea zabaldu zuten eta hortik aurrera, partidua erabakita zegoela ikusirik, lasai jokatu, lesioak saihestu eta gutxika-gutxika aldea zabaltzen joan ziren, amaieran 35 eta 53 irabazten amaitzeraino. Garaipen honek gainera azkenean laugarren amaitzea ahalbidetu zien, izan ere, Donosti Basketek Atco. San Sebastianen aurka galdu egin zuen eta Iraurgi SBkoek hauen aurretik amaitu zuten.

Datorren astean, denboraldi bikainari saria emango dion Lauko Finala jokatuko dute beraz Zurt Taberna ISBko neskek. Batzuentzat denboraldiko momenturik inportanteena litzateke, baina, helburuak guztiz beteta dutenentzat, disfrutatzen jarraitzeko momentua da. Lehiari uko egin gabe, duten saskibaloi guztia kantxan aterata, baina egiten dutenarekin disfrutatu eta ondo pasatzeko unea. Leioako kantxan Zurt zale asko bilduko direlakoan, IraurgiSBren famili guztiaren laguntza izango dute Joseba Lizarralderen neskek.

Saskiratzaileak: (4-20/10-17/8-15/13-11)

BANCO MEDIOLANUM: Muruaga (10), Blanco, Sanchez (2), Landa (11), Sorarrain (4), Lopez (2), Ladislao, Beldarrain (4), Rodriguez, Sanz, Uriarte (2).

ZURT TABERNA ISB: Garazi (13), Sara (3), Irati (6), Maite Zubizarreta (7), Intza Lizarazu (18), Maite Lizarazu, Maitane (7), Itsaso (9), Naroa