Saskibaloiarekin lagunak egiten

img
Argazkia: Kirol Aukera ISB

Liverpooleko eskola bateko talde baten bisita jaso eta gero, 5 egun pasa ditu Kirol Aukera ISBko familiak Ingalaterran.

Saskibaloia lehia bezala ikusten dute askok, baina hortik haratago, talde lana, sufrimenduaren bitartez gauzak lortu behar izatea, sakrifizioa eta beste hainbat balore bultzatzen dituen kirola ere bada eta batez ere lagunak topatzeko modu ezin hobea da. Horren erakusle da Kirol aukera ISBko familiak egindako hartu-emana Liverpooleko eskola batekin. Aurreko batean kontatu genuen nola Litherland High Schooleko mutil talde bat gurean eduki genuen egun batzuk pasatzen eta Iraurgi SBkoek bisita bueltatu die Ingalaterrako hirira.
Guztira, jokalari, entrenatzaile eta gurasok kontutan hartuta 30 bat lagunek hartu zuten hegazkina apirilaren 11n, bost eguneko egonaldia egiteko asmoz. Liverpooleko Anfield estadioa, Beatles-en musikalak, inguruko herriak… denetarik ikusi ahal izan zuten han, baina Saskibaloi Txapelketa bat jokatzeko aukera ere eduki zuten, nola ez. Guztira hiru neurketa jokatu zituzten, Sefton Stars taldearen aurka eta Preston Prideren aurka, 47 eta 75 eta 69 eta 74 irabaztea lortu zuten eta Galeseko 16 urtez azpiko selekzioaren aurka justu-justuan galdu zuten: 67 eta 63. Gainera Aimar Olaizola Txapelketa MVP-a izendatu zuten, bosteko onenean sartzeaz gain. Bidaia polita izan zen, gauza berri pila ezagutzeko parada edukitzeaz gain, lagun mordoxka egiteko aukera eduki zutelako guztiek.
Denboraldia oraindik ez da amaitu baina Kirol Aukera ISBko jokalarientzat. Hainbat partidu dituzte jokatzeko oraindik eta Maiatzeko zubia, Jakara, beste txapelketa batera jokatzera joango dira.