Lauko Finalera aurrerapausoa

img
Argazkia: Iraurgi SB

Azkoitia Azpeitia ISBk 81 eta 75 irabazi zuen Biok Zerbitzuak OKEren aurka eta Lauko Finalera matematikoki sailkatzea esku-eskura dauka.

Astebeteko geldialdiaren ondoren ez da erraza gorputzak nola erantzungo duen jakitea eta gutxiago, Biok Zerbitzuak OKE bezalako talde gogora baten aurrean jokatu behar duzunean. Baina Lauko Finalerako sailkapenaren bila jarraitzen du Azkoitia Azpeitia ISBk eta Alex Astigarragaren mutilek badakite garaipenak batzen jarraitu behar dutela horretarako, eta bide batez hirugarren postuan mantentzen jarraitu. Gainera ordiziarrak ere lehen bost postu horietan sartzeko borrokan dabiltza eta hauek garaitu izanak sekulako aurrerapausoa dakar Iraurgi SBkoen helburuan.

Ez zen neurketa erraza espero, nahiz eta OKEkoak baja garrantzitsuekin heldu ziren neurketara, eta gogotik sufrituta lortu zuten garaipena ISBkoek. Orokorrean ia 40 minutuetan etxekoak aurretik ibili ziren markagailuan, baina momentu bakar batean ere ez zuten erakutsi partidua erabat puskatzeko ahalmena. Erritmo azkarrarekin jokatu nahi eta ezin ibili ziren lehen minutuetan, nahiz eta erasoan asko asmatu zuten. Defentsa lana da bai batzuen eta baita besteen ezaugarri nagusia, baina oraingoan ez batzuek ez eta besteek ez zuten gehiegi asmatu lan horretan. Partidua parekaturik joan zen atsedenaldira arte, kanpokoek markagailuan aurre hartu zutelarik aldageletara iritsi aurretik: 36 eta 37.

Alex Astigarragaren eta bere mutilen arteko hizketaldian argi gelditu zen defentsan estutu ezean ez zutela garaipena lortuko eta hirugarren laurdenean horretan saiatu ziren. Egia da 14 puntu jaso zituztela, baina atzean egindako presio gogorrari esker baloiak berreskuratuta kontraerasoan min handia egin zuten, 28 puntu sartzen amaitzeraino. Berez lasaitasuna ekarri beharko lituzketen puntuek ez zuten horrelakorik lortu, kanpotarrak defentsa aldaketak egiten hasi baitziren Iraurgi SBkoen erasoa zailduz. 3 minuturen faltan partidua berriz ere berdinduta zegoen, baina azken uneetan etxekoek hobeto jokatzen jakin izan zuten, 81 eta 75 irabazten amaitzeraino. Garaipen honek esku-eskura utzi die Azkoitia Azpeitia ISBkoei EBA ligara igotzeko aukera emango liokeen Lauko Finalean sartzea. Aukera hori lehenbailehen ixteko aukera igande honetan edukiko dute Leihoak Zarautzen kantxan. Irabazi ezkero, poltsikoan izango dute sailkapena eta horregatik zaleen babesa izatea espero dute derby honetan.

Saskiratzaileak: Xabi Aldalur (12), Urbizu (4), Jakes (9), Javi(14), Mikel Azkue (5), Unai Amenabar (3), Luis (17), Beñat Aldalur (9), Artola (6), Jokin, BeñatAlzibar (2).