Ilusioa bandera moduan

img
Argazkia: LF2a da Lauko Finala jokatuko dutenen ametsa

Zurt Taberna ISBk Espainiako igoera fasera txartela ematen duen Lauko Finala jokatuko du asteburu honetan Leioako Kandelazubieta kiroldegian.

Emakumezkoen lehen mailako ligako fase erregularra amaituta, asteburu honetan jokatuko da Lauko Finala, Leioako Kandelazubieta kiroldegian, eta Zurt Taberna ISBk, egin duen denboraldi bikainaren saria jasota, torneo hau jokatzeko aukera edukiko du. Hemendik txapeldun irteten denak gainera sekulako saria jasoko du: LF2ra igotzeko Espainiako Txapelketan parte hartzeko aukera ematen duen txartela. Tabirakok lortu zuen pasea lehen postuan sailkatu eta gero, eta orain bigarren talde euskalduna zein izango den jakin beharko da.

Zurt Taberna ISBk jakin badaki hori lortzea benetan zaila izango dela, ilusioa bandera moduan hartuta, orain arte denboraldian erakutsi dituen ezaugarriak kantxaratuta, aurkariei gauzak zail jartzeko asmoz joango dira Leioa aldera. Lehenik eta behin final-erdia Atco. San Sebastianen aurka jokatu beharko dute. Donostiarrek sekulako bolada izan zuten 12 partidu jarraian irabazita, baina gerora pixka bat behera egin zuten. Hala ere, azken partiduan sorpresa emanda Donosti Basketen aurkako derbyan garaipena erdietsi eta hirugarren amaitzea lortu zuten. Barruan oso jokalari garaiak dituzte eta kanpotik ere jaurtitzaile finak. Denboraldian zehar Zurtekoen kontra jokatutako partiduei dagokienez, Donostian, 12 puntugatik irabazi zuen Atleticok, baina Joseba Lizarralderen neskek era badakite talde donostiarra garaitzea zer den, etxean jokatu zutenean 6 puntugatik irabazi baitzuten. Beraz, neurketa zaila eta gogorra izango dela jakinda ere, euren aukerei eutsi eta disfrutatzeko gogoz irtengo dira Zurt Taberna ISBko neskak.

Beste finalerdian Quiron Leioak eta Donosti Basketek neurtuko dituzte indarrak. Bizkaitarrak anfitrioi modura jokatuko dute, denboraldia bigarren sailkatu modura amaitu dutelako, eta horrek nolabaiteko faboritotasuna ematen die. Talde beteranoa, esperientziaz josia eta oso momentu onean iritsiko dena, azken zazpi partiduak jarraian irabazi baititu. Kanpotik jaurtitzaile apartak edukitzeaz gain, barruan garaiak dira eta beraiekin dute gainera ligako jokalaririk altuena. Hala ere, Amaia Tena da euren erreferentzi nagusia eta jokalari erabakigarriena. Etxekoek ohikoa duten erritmo motelaren aurka jokatu nahi izango du Donosti Basketek, duen aulki luzea aprobetxatuta. Agian Gipuzkoako hiriburukoa da lauetan talderik konpentsatuena. Ligako antolatzaile onenetakoa den Anabel Toral-i hiruko jaurtitzaile bikainak batzen zaizkio kanpotik. Barruan ordea jokalari garaiek lau metrotik jaurtitzen bikain dakitela erakutsi dute behin eta berriz. Leioak lan aparta egin beharko du defentsan garaipena lortzeko.

Beraz, finalerdi oso borrokatuak espero dira. Ikuskizunak larunbatean arratsaldeko seietan edukiko du hasiera.

Egutegia

2014/05/03
- 18:00tan: Quiron Leioa-Donosti Basket
- 20:00tan: Zurt Taberna ISB-Atco. San sebastián

2014/05/04
- 12:15tan: FINALA