Chapeau

img
Argazkia: Zurt Taberna ISB

Zurt Taberna ISBk agur esan dio denboraldi gogoangarri bati Donosti Basketen aurkako finalean galduta eta LF2ra igotzeko Espainiako fasera pasatzeko aukerei agur esanda.

Bizitzaren bidea ametsek eraikitzen dutela esan ohi da, eta ametsa egi bihurtzeko puntuan egon da Zurt Taberna ISB. Leioan jokatutako Lauko Finalean, LF2ra igotzeko Espainiako Fasera pasatzeko puntuan gelditu ziren Joseba Lizarralderenak, finalerdietan garaipena lortu eta finalean Donosti Basket Bera Berari gauzak oso zail jarri eta gero. Egia esan, denboraldia txapela kentzeko modukoa izan da, 11 partidu jarraian irabazita, egun askotan lider mantenduz, fase erregularra laugarren amaituta eta batez ere, emakumezkoen saskibaloia berriz ere denen ahotan jarrita Urolako bailaran. Horregatik, neska borrokalari hauek zoriontzea besterik ez da gelditzen.

Larunbatean Atletico San Sebastián Tecnum, hirugarren sailkatuaren aurka jokatu behar izan zuen Zurt Taberna ISBk finalerdia. Tentsio handiko partidua izan zen, jokoan zegoena ez baitzen edozer, baina ISBko neskek partiduan zehar erakutsi zuten, donostiarrei eskua hartuta dietela. Sailkapenean beraien atzean gelditu izanagatik, badakite nola jokatu Atleticoren aurka Joseba Lizarralderenek eta barruan jaso zezaketen minari, abiadurarekin erantzun zioten. Defentsan oldarkor agertuz, baloiak berreskuratzeko gai izan ziren eta horrek eraman zien markagailuan une oro agintzen ibiltzera. Aldeak ez ziren handiak eta donostiarrek asko estutu zuten, baina azken minutuetan kolpe erabakigarria ematen jakin izan zuen Zurtek eta azkenerako 54 eta 65 irabazita lortu zuen finalerako txartela.

Partzialak: 14-18,17-14,11-13,12-20

ZURT TABERNA ISB: Garazi (5), Eider Iturralde, Sara, Irati (4), Maite Zubizarreta (13), Intza Lizarazu (14), Berezi (2), Maite Lizarazu (13), Maitane, Itsaso (7), Ane Goenaga (2), Naroa (5).

Ametsarekin jarraitzeko gogoz gerturatu ziren berriz ere igandean Leioara Iraurgi SBko neskak finala jokatzera. Aurreko eguneko esfortzuaz nekaturik eta neurketa oso zail baten aurrean zeudela jakinda, baina ilusioz beterik. Hala ere, partiduak sor zezakeen presioak jota edo, ez zituzten hasierako minutuetan euren jokorik onena erakutsi, batez ere defentsako lanean, donostiarrek behin eta berriz sekulako mina egin baitzieten kanpoko jaurtiketekin. Bigarren laurdenetik aurrera defentsako arazo horiek zuzentzen hasi ziren, baina atzeko arazoak desagertzen hastearekin bat erasokoak agertzen hasi ziren eta atsedenaldira 13 puntu azpitik heldu ziren. Bazirudien Donosti Basket gutxika-gutxika partidua poltsikoratzen zebilela, gehiago kontutan hartuta hirugarren laurdena hasi eta berehala 18 puntu aurretik jarri zirela. Baina Zurtek bere ezaugarri nagusia borrokarako gogoa dela erakutsi zuen beste behin denboraldi honetan, eta errazena besoak jaitsi eta neurketa lehenbailehen amaitzeko itxarotea zenean, 6 eta 17ko partziala egin eta oraindik dena erabakitzeke zegoela erakutsi zuten. 5 puntura jartzea ere lortu zuten, baina azken erasoetan ez zuten asmatu eta azkenean, arro egoteko moduko neurketa batean 59 eta 50 galtzen amaitu zuten.

Partzialak: 16-11,18-10,11-17,14-12

ZURT TABERNA ISB: Garazi (5), Eider Iturralde, Sara, Irati, Maite Zubizarreta (12), Intza Lizarazu (4), Berezi (10), Maite Lizarazu (4), Maitane, Itsaso (12),
Ane Goenaga, Naroa (3).

Ametsa guztiz ezin gauzatu bueltatu ziren etxera Joseba Lizarralderenak, baina pasuak gutxika-gutxika eman behar dira seguruagoak izateko eta talde honen hazkundean, datorren denboraldiari begira ere eman beharreko pausuak gorde behar dira.

Zorionak neskak!!