Lauko Finalera

img
Argazkia: Azkoitia Azpeitia ISB

Azkoitia Azpeitia ISBk 54 eta 64 irabazi zuen Leihoak Zarautzen aurkako derbya eta 18 garaipenekin matematikoki EBAra igotzeko borrokan sartuko da.

Azkoitia Azpeitia ISBk neurketa garrantzitsua jokatu zuen aurreko igandean, Lauko Finala matematikoki lotzeko aukera zeukalako Zarautzen irabaziz gero. Aritzbatalde kiroldegian jokatzea ez da sekula erraza izaten, etxekoek elkar bikain ezagutzen dutelako eta sorpresa emateko tarte gutxi egoten da. Baina Alex Astigarragaren mutilak sasoiko dabiltza eta hirugarren postuari nolanahi eutsi nahi diote, horregatik zuten guztia emateko asmoz gerturatu ziren derbya jokatzera.

Lehen minutuetan baina, benetan gaizki jokatu zuten. Ez kontzentrazio nahikorik ezta erasoan joko onik ere. Lehen saskiratzea bosgarren minutuan lortu zuten Iraurgikoek eta atzetik aurrera jo behar izan zuten, honek daukan zailtasunarekin. ISBkoek irabazi dituzten partidu gehienak, defentsako lan sendoan oinarritu da, honen bidez kontraerasora irten eta modu errazean lortu dituztelako puntuak. Baina Zarautzen, arazoak izan zituzten baita erreboteak eskuratzeko ere, eta lehen laurdena bakarrik ikusi zuenak, etxekoek erraz irabazi zutenaren pentsamenduarekin jarraituko du. Baina bigarren laurdenean, partidua beltzetik zurira pasa zen. Lehen laurdenean oker egin zen guztia zuzendu zen eta batez ere defentsako lana ia perfektu bilakatu zen. Etxekoei kosta egin zitzaien ulertzen nola egon zitekeen laurden batetik bestera horrelako joko aldaketa eta erasoan akatsak egiten hasi ziren, aurrean zuten defentsak lan egiten uzten ez zietelako. 4 eta 25ko partzialak argi uzten du Alex Astigarragaren mutilen jarrera aldaketa. Bere ohiko jokoarekin Azkoitia Azpeitia ISB partiduaren jabe egiten hasi zen eta atsedenaldira 31 eta 40 iritsi ziren.

Behin aurretik jarrita ez zioten markagailuan agintzeari utzi, nahiz eta minutu batzuetan arazo dezente izan erasoko jokoan, batez ere hiruko marratik gehiegi jaurti zutelako. Defentsan sendo jarraitu zuen Iraurgi SBko taldeak gainontzeko minutuetan eta etxekoek partidua estutzea bilatu bazuten ere, azken minutuetan eduki zituzten presak bikaina aprobetxatu zituzten kanpotarrek azken kolpe erabakigarria eman eta garaipen oso garrantzitsu bat lortzeko. Azkenean 54 eta 64.

Garaipen honekin matematikoki lortu du Azkoitia Azpeitia ISBk Lehen mailako Lauko Finala jokatzeko txartela fase erregularra amaitzeko bi jardunaldiren faltan. Oraindik baina ez daki non jokatuko duen, ez eta zeinen kontra ere, liga horren estu dago, oraindik gauza asko erabakitzeke gelditzen direla. Kontuak kontu, azken jardunaldian duten atsedenaren aurretik azken partidu bat jokatu beharko du Azkoitia Azpeitia ISBk, eta etxean egingo du gainera Valle de Egues talde nafarraren aurka.

Saskiratzaileak: Xabi Aldalur (2), Urbizu (5), Oroz (8), Jakes (9), Javi, Mikel Azkue (14), Unai Amenabar (2), Luis (3), Beñat Aldalur (11), Artola (8), Arrieta (2), BeñatAlzibar.