Etxeko azkenean ere garaipena

img
Argazkia: Iraurgi SB

Urte guztian jasotako zaleen laguntza eskertzeko asmoz, Azkoitia Azpeitia ISBk Valle de Eguesi 60 eta 52 irabazten amaitu du ligako fase erregularra.

Pasa den astean matematikoki Lauko Finala jokatzeko txartela lortu eta gero, aste honetan fase erregularreko azken neurketa jokatzea tokatzen zitzaien Azkoitia Azpeitia ISBko mutilei; azkena datorren asteburuan atseden jardunaldia tokatzen zaielako; eta azkena gainera, etxean jokatzea tokatu zitzaien. Aukera ona beraz, denboraldian zehar harmailetatik bultzaka egon diren zaleei eta denbora luzez ISBko kamisetarekin jokatu izan ez dutenei (Animo Eneko!) garaipen batekin eskerrak emateko. Partidua ez zen ona izan, baina garaipena behintzat lortu zen.

Valle de Egues taldearen aurka nagusi izan ziren Alex Astigarragarenak hasieratik amaierara, baina horrek ez du ezkutatzen etxekoek izan zituzten arazoak. Batez ere, errebotea zaintzerako orduan ez zuen asmatu Azkoitia Azpeitia ISBk eta horrek nafarrei bigarren eta hirugarren aukerak eman zizkion. Eskerrak Valle de Eguesekoak ere ez zirela finegi ibili erasoan. Horri esker etxekoak markagailuan agintzen ikusi genituen une oro. Lehen laurdenean ez ziren eroso ibili Iraurgi SBkoak, euren jokoa ezin atera eta markagailuan parekotasuna nabaria izan zen. Gutxika-gutxika ikusi zen, nafarrak garaiagoak izan arren, gaur egun Azkoitia Azpeitia ISB gehiago dela eta zerbaitegatik amaituko duela liga hirugarren. Atsedenalditik bueltan ikusi ziren gipuzkoarren minuturik onenak. Defentsan hobekuntza eginda 15 puntu goitik jartzea ere lortu zuten, baina hortik aurrera, partidua erabakita zegoelakoan, gehiegi erlaxatu ziren. Hala ere, azkenean 60 eta 52 irabazten amaitu zuten eta behintzat zaleei garaipen bat eskaini ahal izan zitzaien.

Orain bi aste dituzte Alex Astigarragaren mutilek Arrasaten, maiatzaren 24 eta 25ean EBA ligara igotzeko jokatuko den Lauko Finala ahalik eta hobeen prestatzen saiatzeko. Oraindik ez dakite Loiola Indautxu edo Tabirako izango den euren aurkaria finalerdian, baina bata edo bestea izan, aurkari zailak izango dira eta horregatik serio entrenatu beharko dute Azkoitia Azpeitia ISBko mutilek.

Saskiratzaileak: Xabi Aldalur (13), Urbizu (2), Jakes (6), Javi, Mikel Azkue (17), Unai Amenabar (5), Artola (7), Jokin (3), Arrieta, Beñat Alzibar.