Movilquick Azpeitia ISB estatuko 16 talde onenen artean

img
Argazkia: Movilaquick ISBko familia Guadalajaran

Aritz Aldalurren neskak multzoko bigarren gelditu eta gero, 66 eta 61 galdu zuten Leongo Aros 100% taldearen aurka final-zortzirenetan.

Denboraldiari 8koa jartzen zion Aritz Aldalurrek Movilquick Azpeitia ISBk Euskal Ligako fase erregularra lehen postuan amaitu eta Espainiako Txapelketan jokatzeko txartela zuzenean irabazi eta gero. 10era iristeko oraindik beta bazegoela zioen eta bere neskek ondo erantzun dute. Aurrena, Euskadiko Txapeldun izatea lortu zuten Azpeitian jokatutako Lauko Finala irabazita eta Guadalajaran, iaz egin antzera, estatuko 16 talde onenen artean gelditzea lortu dute.
Iraurgi SBko neskei D multzoan egotea tokatu zitzaien eta bertan, Castelloz gain, tradizio handiko bi talde izan zituen aurrean: Canoe eta Perfumerias Avenida. Lehen partidua Castellokoen aurka jokatzea egokitu zitzaien gipuzkoarrei eta hemen iritsi zen lehen garaipena. Azken laurden bikain bati esker, maldan gora jarritako neurketa 59 eta 65 irabaztea lortu zuten. Hurrengo egunean Salamancako Perfumerías Avenidaren kontra jokatu zuten Aritz Aldalurrenek txapelketako partidurik borobilena. Bigarren zatian txiki utzi zuten kontrarioa eta Maite Lizarazuren eskutik 69 eta 50 irabazita, final-zortzirenetarako txartela lortu zuten matematikoki. Hirugarren eta lehen faseko azken jardunaldian, prestigiodun beste talde baten aurka jokatu zuen Movilquick Azpeitia ISBk: Canoe talde madrildarraren aurka hain zuzen ere. Bi taldeen artean multzoko lehen postua zegoen jokoan eta ISBkoek neurketa ondo baino hobeto bideratu baldin bazuten ere, lehen partiduan gertatu zenaren kontrara, azken laurden txar batek porrotera kondenatu zituen: 64-59. Hala ere, multzoko bigarren sailkatu moduan pasa zen Movilquick final-zortzirenetara.
Atsedenerako tarte gabe, hurrengo goizean jokatu behar izan zuten Iraurgi SBko neskek hil edo biziko neurketa Leongo Aros 100%, C multzoko lehen sailkatuaren aurka. Lehen zatian gipuzkoarrek ezer gutxi egin ahal izan zuten. Aurkaria gehiago zela zirudien eta iaz gertatu moduan, lehen fasea pasata, hurrengo neurketan txapelketatik at geldituko zela zirudien. Baina Iraurgi SBko nesken saileko taldeen ezaugarria da bukaera arte borrokatzea eta atsedenaldian hori ondo barneratuta, hortik aurrera Leongoak baino gutxiago ez zirela erakutsi nahi izan zuten. Hirugarren laurdenean ederki borrokatu zuten, baina batez ere laugarren laurdenean erakutsi zuten euren jokoak zer nolako maila duen. Maren Loyola eta Naroa Uria puntuak sartzeari ekin zioten eta Ainhoa Bereziartuak eta Aitziber Vesga erreboteak bata bestearen atzetik eskuratu zituzten. Leongoak estu hartu zituzten eta partidua guztiz parekatzea oso gertu eduki zuten. Lastima partiduak minutu batzuk gehiago iraun ez izana, azkenean, 66 eta 61 galtzen amaitu baitzuten.
Hala ere, beste behin, txapela kentzeko moduko txapelketa eta denboraldia egin du Movilquick Azpeitia ISBk eta neska hauei zorionak ematea besteri ez da gelditzen.