Alex Astigarraga: “Momentu kritikotan indartsu izaten jakin izan dugu eta hori benetan da garrantzitsua.”

img
Argazkia: Alex Astigarraga azken aginduak ematen aldageletan

Lehen maila nazionaleko Azkoitia Azpeitia ISBk EBA ligara igotzeko 4ko finala jokatuko du asteburu honetan Arrasaten. Ilusioz gainezka, baina lana gogotik egin beharko dutela jakinda, zaleen laguntza eskatu dute talde barrutik.

- Denboraldiko zita garrantzitsuenera iritsi zarete.
“Zita garrantzitsuak astebururo izaten ditugu, partiduak ez badira serio hartzen eta ez badira gogoz hartzen, azken sari hauetara iristea ezinezkoa baita. Beti nahi izaten da honelako txapelketak jokatu, baina lasai eta lanerako gogoarekin hartu behar dira, urduritasunik gabe. Baina zalantzarik gabe partiduak bakarrik ez dira hartu behar gogoz, aurretik egiten diren entrenamenduak ere gogo horrekin hartu behar dira, benetan garrantzitsuak baitira torneo honetara ahalik eta hobeen iristeko. Guk taldean ilusio handia daukagu 4ko final honetarako, lanean ari gara eta badakigu partidu hauetan 40 minutuetan lan egin beharko dugula”.

- Denboraldia irregular xamar hasi, baina oso indartsu amaitu duzue, eta hori min hartutako jokalari mordoa izan dituzela.
“Orokorrean hartuta, liga bi zatitan banatu dezakegu. Lehen itzulia 8 garaipen eta 6 porrotekin amaitu genuen. Joko nahiko irregularra erakutsi genuen, baina egia da lesioek asko kastigatu zutela taldea. Gainera jokalari askok hartu zuten min une berdintsuan eta adibidez Etxanizen eta Irulegiren lesioak luzerako izango dira, oraindik ez baitaukate itzultzeko datarik. Aurrera egin ahal izan genuen bai Errotaundiko eta baita Glualeko jokalariek emandako laguntzagatik eta hemendik nire esker ona eman nahi diet. Bigarren itzulia oso bestelakoa izan da: 11 garaipen eta 3 porrot. Taldeak gehien behar zuenean erantzun egin du eta modu bikainean egin gainera. Garaipen bikainak lortu ditugu, Atletico, Baskonia… eta horrek amaierara morala goian daukagula iristera eraman gaitu. Momentu kritikotan indartsu izaten jakin izan dugu eta hori benetan da garrantzitsua.”

- Final-erdietan, Loiola Indautxuren aurka neurtu beharko dituzue indarrak. Hauek ere gogor datoz, Ointxeri adibidez faena ederra egin zioten.
“Zalantzarik ez dut 4ko finalera iritsi garen talde guztiak gogoz joango garela, baina gero partiduek jarriko dute bakoitza bere lekuan. 40 minutuetan jarrera positiboarekin eta lanerako gogoarekin ez dagoenak ordaintzen amaituko du. Liga honetan, dena ez baduzu ematen partidu guztietan edozeinen aurka galdu dezakezu. Guri behintzat hori gertatu zaigu eta horren adibide da Deustori bi partiduak justu justu irabazi dizkiogula, nahiz eta 4ko finalean dagoen talde bat den, eta Goierrirekin berriz, 2 partiduak galdu ditugu ligan. Loiola Indautxuk gurearen antzera talde gaztea du, erritmo handiarekin jokatzea gustatzen zaio eta kontrarioaren kontzentrazio akatsak ederki aprobetxatzen dituen taldea da. Ligan jokatu ditugun 2 partiduak oso estuak izan dira eta horrek erakusten du gogor lan egin beharko dugula. Hala ere,ea ligako emaitza berdina ematen den larunbateko finalerdian.”

-Non uste duzu egon daitekeela finalera pasatzeko gakoa?
“Bi taldeek antzeko jokoa egiten dugu: bioi defentsa gogor baten ondorioz erasora azkar irtetea gustatzen zaigu, nahiko joko bizia dugu eta bizitasun horrek ekartzen dituen akatsak kontrolatzen jakitea izango da gakoa nire ustez. Baloi galtzeak sekulako garrantzia izango dute larunbatean. Azkenean partiduan momentu kritikoak izango dira eta momentu horietan lasaitasun gehien erakusten duen taldeak puntu bat baino gehiago bilduko du bere alde. Urduritasunak kontrolatzen jakitea benetan garrantzitsua izango da.”

-Bi aste izan dituzue Lauko Finala prestatzeko. Horrenbeste denbora edukitzea, ona ala txarra da? Nola ikusten duzu zure taldea?
“Iruditzen zait talde guztiak etxeko lanak eginda iritsi direla azken jardunaldira eta nahiz eta kalkulu matematiko batzuk egitea posible zen, guztiek bete dituzte euren lanak. Guk atsedena izan dugu jardunaldi honetan, baina ostiralean lagunarteko partidutxo bat jokatu genuen. Ona ala txarra den ez dakit, baino asteburu honetako Txapelketa jokatzeko dagoen ilusioak ez luke txarrerako ezer izan behar. Egutegiak atsedenaldia eman digu eta agian 9 hilabete eta gero saskibaloiaz asteburu baten deskonektatu ahal izatea jokalariei ongi etorri zaie. Nik taldea ongi ikusten dut, entrenatzen oso ongi ari da eta jokalariei nabarmendu egiten zaie duten tentsio eta gogoa asteburu berezi honi begira. Baina, hori ere, kontrolatzen jakin behar dugun gauza bat da.”

- Iturripeko harmailek ze kolore hartuko dute? Morea, granatea, gorria..
“Morea ez badute hartzen arraroa izango litzake ez? Jajajaja. Nik nahi dut eta gustatuko litzaidake granateak ere presentzi handia izatea. Jokalarientzako ere ederra da hori, motibazio aldetik etab. Kalean behintzat ari da jendea badoala esaten eta denen animoa eskertzekoa izango da. Bizkaiko bi taldeen koloreak ez dakit asko ikusiko diren, baina handik joaten direnak ere ez dira isilik egongo. Guri animatzera joaten direnei esan diezaiokegun gauza bakarra da lana egingo dugula igandeko finalera iristeko, eta dena ongi ateratzen bada igandean ere harmailak granatez bete beharko dituztela.”

- Arrasaten izanda txapelketa eta Ointxe bigarren gelditu dela jakinda, hauek jotzen al dituzu faborito?
“Nik 4ko finala Arrasaten izanagatik bakarrik ez ditut faboritotzat jotzen, bai ordea ligako sailkapenean aurretik amaitu dutelako. Azken finean, urte guztian, lehen postuagatik borrokatzen egon dira eta hori zerbaitegatik da. Talde oso-oso ona da eta gainera entrenatzaile bikaina dute. Baina gu bezala beste taldeak ere irabaztera joango dira eta etxean antolatzeak zuzenean garaipena emango balio talde bati, talde gehienek nahiko lukete 4ko finala antolatu, jeje!!!. Agian etxean antolatzeak ere presio estra bat eman diezaiekete eta urduritasunak gehitu, edota motibazioa izugarri igo eta dena ongi ateratzera bultzatu. Dena den denboraldi osoan hor goian ibili dira, partidu gutxi galdu dituzte, eta beraz faboritoak beraiek direla esan daiteke, baina… ez du beti faboritoak irabazten!!!”