Ametsa gauzatzetik gertu

img
Argazkia: Iraurgi SB

Azkoitia Azpeitia ISBk 56 eta 54 galdu zuen Mondragon Unibertsitatearen aurka Lehen Mailako Finala eta EBA ligara arrasatearrak igoko dira.

Denboraldiko azken partidua jokatu zuen igandean Azkoitia Azpeitia ISBk. Ez zen nolanahiko partidua izan, Lehen Mailako finala jokatu baitzuen Mondragon Unibertsitatearen aurka Arrasateko Iturripe kiroldegian. Finala izaki, asko zegoen jokoan, EBA mailara igotzeko txartela hain zuzen ere. Mota honetako neurketetan guztia ematen dute bi taldeek eta igande goizean ere horrela gertatu zen, baina tamalez, partiduak egundoko berdintasuna edukita ere, leon-kastillo egiterako orduan, Azkoitia Azpeitia ISBri txanponaren alde txarra egokitu zitzaion, eta etxeko taldeak 56 eta 54 irabazita lortu zuen mailaz igotzea.
Azken markagailuak erakusten duen moduan neurketan nagusi izan zena parekotasuna izan zen. Aurreneko 28 minutuetan, markagailuak alde batera eta bestera egin zuen. Ez zen egon neurketaren jabe egin zen talderik. Batek asmatzen zuenean, besteak ere horrela egiten zuen. Akatsa zegoenean alde batean, beste aldean gutxitan aprobetxatzen jakiten zen. Hirugarren laurdenaren amaiera aldean baina, harmailetan bildu ziren Iraurgi SB zaleen pozerako markagailuan alde polit bat zabaltzeko kapaz izan ziren Alex Astigarragaren mutilak. Azken laurdenaren hasieran 7 puntuz aurretik ibiltzea ere lortu zuten, baina orduan etorri zen moreen erreakzioa. Iturripeko harmailak bete zituzten zaleen laguntzarekin, 11 eta 1eko partziala burutu eta partiduari buelta eman zioten. Ez ziren kikildu baina ISBkoak eta lehiari eusten jakin izan zioten. Azken minutua emozioz beterikoa izan zen, markagailuak hainbat berdinketa erakutsi zituen, eta 13 segundoren faltan, Azkoitia Azpeitia ISBk, markagailuan bi bera zihoala, azken jokaldi bat prestatzeko aukera eduki zuen. Hiruko bat bilatu zuten Iraurgi SBkoek, modu honetara garaipena lortzeko, baina Josu Larreategiren mutilek, defentsa bikaina burutu zuten eta markagailua 56 eta 54koarekin gelditu zen.
Negar malkoek jokalari batzuen aurpegiak busti bazituzten ere, burua tente edukitzeko moduko txapelketa jokatu zuten Azkoitia Azpeitia ISBko mutilek eta emaitzak utzitako garraztasuna, egindako denboraldi bikainak ematen duen gozotasunak tapatu behar du.
Final-erdia gorabeheratsua
Finalerdian ez zuen neurketa erosoa jokatzerik eduki Azkoitia Azpeitia ISBk, batez ere, bere jokoa nahiko gorabeheratsua izan zelako. Egia da, gora egiten zuenean Loiola Indautxu baino gehiago dela erakusten zuela eta horri esker, behera egiten zuenean ere, markagailuan aurretik mantentzea lortu zutela. Aipagarria izan zen Josu Urbizuk jokatutako partidua. Egin zuen ia guztia egin zuen ondo eta bere taldeak kantxa gainean zegoenean igarri egin zuen, puntuak batzeaz gain, erreboteak lortzen eta asistentziak banatzen ere bikain ibili zelako. Hirugarren laurden amaieratik laugarrenaren erdialdera markagailuan alde egitea lortu zuten Alex Astigarragaren mutilek eta azken minutuan akats batzuk tarteko bilbotarrek markagailua estutu bazuten ere, azkenerako 70 eta 64 irabazten amaitu zuten.
Ametsa gauzatzetik gertu ibili dira Azkoitia Azpeitia ISBko mutilak, baina bidea pausuz pausu egiten da. Denboraldi honetan pausu handi bat eman dute Alex Astigarragaren mutilek eta datorren urtean, beste pausu bat emateko aukera izango dute. Zorionak mutilak egindakoa handia izan baita!