Gerdau Azkoitia ISB Espainiako Azpi-txapeldun!!

img
Argazkia: Feb.es

Iraurgi SBko neskak euskal saskibaloiaren historian sartu dira, kadete mailako Espainiako Txapelketako finalean sartzen lehen talde gipuzkoarra izan eta gero.

Sekulako balentria egin dute Gerdau Azkoitia ISBko neskek, Espainiako Kadete mailako Txapelketako sorpresa handiena bihurtuta finalean sartu baitziren. Tenerifera joan zirenean, Euskadiko Titulua besapean zuten, Azpeitian lortu baitzuten Final Fourra irabaztea, baina helburu moduan, lehen fasea pasa eta final zortzirenetan ahalik eta gehien disfrutatuz, aurkariari gauzak zail jartzea zutela hartu zuten abioia. Helburu guztiak txiki utzi dituzte baina, eta Euskal Saskibaloiaren historian, orri berezia izango dute hemendik aurrera, lehen talde gipuzkoarra izan baita maila honetan Espainiako Txapelketako finala jokatzeko sailkatu dena. Egia da finalean ezer gutxi egin ahal izan zutela, faborito garbiena zen Kanaria Handia 2014, txapelketa guztian zehar egin moduan, goitik behera nagusitu baitzen. Hori bai, zilarra lortuta Iraurgi SBko neskek egin zuten ospakizuna ikusita, batek baino gehiagok pentsatuko luke granatez jantzitakoak eta ez horizkoak izan zirela garaile. Izan ere, eta Luis Agirre, txapeldun hauen entrenatzaileak adierazi zuen moduan, urre zaporeko zilarra lortu du Gerdau Azkoitia ISBk.
ISBko neskek H multzoan hasi zuten Txapelketa eta lehen partidua Extremadurako Plasenciaren aurka jokatu zuten. Baita lehen garaipena batu ere: 47 eta 63. Lehena poltsikoratuta, hurrengo egunean, Mallorkako Bahía San Agustini irabazita ia matematikoki pasea lortuko zutela bazekiten eta neurketa horretan ere, zuten guztia eman zuten garaipena lortzeko, 44 eta 29 irabazten amaitzeraino. Multzoko beste emaitzak ikusi eta gero, azken neurketan 16 edo gutxiagogatik galduta ere pasea poltsikoan edukiko zuten, gainera multzoko lehen sailkatu gisa. Bestela etxerako bidea hartu beharko zuten. Neurketa gogorra izan zen Madrilgo Brains taldearen aurka jokatutako, batez ere azken laurdenean, indarrak akituta edo kosta egin baitzitzaien, behar zuten markagailuari eustea. Madrildarrek ere pasea zuten jokoan, baina azkenean 11 puntugatik bakarrik irabazi zuten eta gipuzkoarrek lortu zuten sailkapena.
Lehen postuan sailkatu izanak, agian lagundu egin zion, koadroaren alde ahulenean joatea egokitu baitzitzaion Gerdau Azkoitia ISBri. Hala ere,aurkari zailei egin behar izan zieten aurre eta Luis Agirreren neskek erakutsi duten indarra goraipatzekoa izan da. Final-zortzirenetan Alacanteko San Blas taldea izan zuten aurkari. Laugarren eguna zen jarraian lehiaketan, baina ez zuten gehiegi igarri Iraurgi SBkoek, erraz nagusitu baitziren 37 eta 50 irabaziz. Beste pausu bat emana eta hasierako helburuak gainditzen hasita dagoeneko. Final-laurdenetan tradizio handiko talde baten aurka jokatu behar izan zuten: Valentziako Ros Casares indartsua hain zuzen ere. Neurketa oso parekatua izan zen, atsedenaldira arte, dominatzailerik ez zen ikusi. Hala ere, hirugarren laurdenean, valentziarrak nagusitzen hasi ziren eta bazirudien neurketa euren aldera eramango zutela, baina azken laurden ikusgarri batekin, 0 eta 14ko partziala eginda eta Oihane Aizpuruaren eta Eneritz Larrañagaren eskutik, 60 eta 65 irabazten amaituz, final-erdietarako pasea eskuratu zuten. Pase historikoa eta gainera lehendabizikoz final-erdi euskaldun bat ikusteko aukera eduki zuten bertaratutakoek; izan ere, aurkaria, Azpeitiko Final Fourreko finalean eduki zuten kontrario berdina edukiko zuten: Bilboko Loiola Indautxu. Denboraldian zehar beti irten dira garaile gipuzkoarrak, baina markagailu estuekin eta horrelako zita batean, ez da izaten komenigarriena ondo baino hobeto ezagutzen zaituen aurkari baten aurka lehiatu behar izatea. Berriz ere, neurketa estua izan zen lehen hiru laurdenetan eta berriz ere Oihane Aizpuruak egundoko neurketa jokatu zuen. Azken laurdenean goitik behera nagusitu zen Gerdau Azkoitia ISB eta 52 eta 38 irabazita iritsi zen finalera.
Uste zutena baino askoz urrunago iritsita, finalerako azken helburu bat jarri zioten euren buruei: neurketaz, momentua eta lortutakoaz disfrutatzea eta ahal baldin bazen, Txapelketako dominatzaile nagusia zen Kanaria Handia 2014k, 100 puntu ez sartzea. Helburu guztiak lortuta amaitu zuten finala, nahiz eta 87 eta 26 galdu eta urre koloreko zilarrarekin bueltatuko dira etxera. Azkoitiko eta Azpeitiko herriek gainera merezitako omenaldia eskainiko diete, astelehenean 20:00tan Azkoitiko Udaletxean.
Bejondeizuela neskak!!