Merezitako harrera jaso zuen Gerdau Azkoitia ISBk

img
Argazkia: Xabier Larrañaga

Azkoitiko eta Azpeitiko alkateek, Gerdauko ordezkariak eta Azkoitiko Plaza bete zuten ehunka jarraitzailek Espainiako Txapelketan egindako lana eskertu zieten.

Arratsaldeko zortziak puntuan zirela heldu zen Gerdau Azkoitia ISBko jokalariak ekartzen zituen autobusa Azkoitiko Plazara. Bertan ia 200 pertsona zeuden zain Iraurgi SBko neskak txalo zaparrada handi batekin hartzeko gogoz. Gerdau Azkoitia ISB Euskal saskibaloiaren historian sartu da kadete mailako Espainiako Txapelketako finalera heltzen lehen talde gipuzkoarra izan delako. Hori dela eta, Azkoitiko Udalak taldeari harrera egitea erabaki zuen. Bertan izan ziren Udaleko ordezkariak, alkatea buru zutela, eta bertan egon nahi izan zuten baita ere Azpeitiko alkateak eta Gerdau enpresako ordezkariek.
Aurreneko gauza, Udaletxeko balkoira irten eta plaza bete zuten zaleei lortutako Kopa eta domina eskaintzea izan zen, eta gero barruan, ordezkarien esker ona entzutea. Urrategi Alberdi Azkoitiko alkatea izan zen hitza hartzen aurrena eta txapeldun hauek egin duten lana goraipatzeaz gain, “Azkoitiko izena horren goian utzi” izana eskertu zien. Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak ere antzeko hitzak eduki zituen, eta “bi herrien elkarlanak izan dezakeen indarraren irudi” moduan jarri zituen. Gerdauko ordezkariek berriz, pausu handi bat eman izanagatik zoriondu zituzten neskak, baina lanean jarraitu beharra zegoela eta datorren urtean finala irabazteko helburuarekin joan beharko zirela esan zieten.
Taldekoek izar sentitzeko aukera eduki zuten, eta pixka bat lotsaturik, oraindik amets batean zeudela admititzen zuten. Luis Agirre entrenatzaileak zioen moduan “helburuak txiki utzi ditugu, eta oraindik ezin sinetsi gabiltza, laino batean gaude.” Oihane Aizpurua jokalariak ere bitxikeria bat kontatzen zuen: “bueltako abioia finalaren egunean eta ordu berean geneukan eta Laura gure taldekideak galdetu zuenean finalera iritsiko bagina zer?, guztiek barre egin genion. Eta hara, hegaldia aldatu beharrean izan gara.” Izan ere, final zortzirenetatik aurrera egitea zuten helburu eta pausuz pausu finalera arte iritsi ziren. “Multzoko lehen postuan amaitzea oso garrantzitsua izan zen, gerora tokatu zaizkigun kanporaketetan kontrario onenak ekidin ahal izateko” zioen Luis Agirrek. Oihane Aizpuruak berriz argi dauka: “taldean dagoen giroa izan da horren urrun iristeko gako nagusia.”
Amestutako oporrak hartzen dituzte askok Tenerife aldean, Gerdau Azkoitia ISBrentzat ere, amets bat izan da, errealitate egin duten ametsa.