Eskola kirolera zuzendutako hitzaldia izango da bihar, Sanagustinen

img

“Txapelduna ez izatearen eskubidea" lelopean hitz egingo du Luix Mari Zulaikak 19:00etan hasita.

Bihar, osteguna, “Txapelduna ez izatearen eskubidea” izeneko hitzaldia izango da Sanagustin Kulturgunean, 19:00etan hasita. Pedagogian doktore eta EHUko irakasle den Luix Mari Zulaika izango da hizlaria, eta Eskola kirolera zuzendutako hitzaldia izango da.

Hitzaldiak hiru zati izango ditu. Lehenengo zatian, eskola kiroleko eguneroko jardueran sumatutako akats eta arriskuei buruz arituko da Zulaika. Bertan, helburu desegokiak, gehiegizko lehiakortasuna, konparaketa soziala eta inguruko presioa landuko ditu besteak beste. Ondoren, gurasoei eta monitoreei buruz jardungo du pedagogiako doktoreak. Pertsona horiek eskola kirolean duten garrantzia dela eta, dituzten jokabide motak, saihestu beharreko jokabideak, estrategia psikologikoak eta beste hainbat gai jorratuko ditu. Amaitzeko, eztabaida zabalduko da ikusleen artean, eta bertan ondorioak eta proposamen berriak landuko dituzte.

Taldeko guztiok animatu nahi zaituztegu hitzaldi interesgarri horretan parte hartzera!