Easo Kopako azpitxapeldunak aurre-denboraldiko azken asteburuan

img
Grupo Zaher ISB taldea. Argazkia: Easo.

Lehenengo fasean hiru garaipen lortu ondoren, Easoren aurka bakarrik galdu zuen finala Zaherrek, eta oso sentipen onekin itzuli zen etxera.

Iraurgi SBko kadete mutilak, Grupo Zaher ISB, Easo Kopako azpitxapeldun gelditu ziren pasa den astebukaeran. Iraurgiko mutilak Easo Haranetaren aurka hasi zuten txapelketa. Talde hau lehen urtekoa izateaz gain aurretik partidu bat jokatzetik zetorren, eta ondorioz, diferentzia fisikoa eta nekea zela eta, 121 eta 7 irabazi zuten gure mutilek.

Larunbatean, berriz, Kataluniako Badalona “A” gerlatiaren aurka jokatu zuten. Bigarren partidu horretan gehiago kostatu zitzaien arren tartea irekitzea, azkenean 64 eta 21 irabazten amaitu zuten Zaherreko mutilek. Partidu ostean, indarrak berreskuratzeko bazkari eta paseo baten ondoren, Leoneko Agustinosen aurka final erdiak iritsi zitzaizkien ISBko mutilei. Lo hasi ziren gure mutilak ekipo indartsu baten aurka; Espainiako selekzioan jokatu izan duen mutil bat eta altura handiko hainbat mutil zituzten haiek taldean. Ohartzerako 12 puntu azpitik ziren gure mutilak, baina lana eginez taldea murriztea lortu zuten atsedenaldi aurretik. Hirugarren laurden hasieran, ordea, Leoneko mutilek tartea ireki zuten berriro. Azken laurden hasieran 10 puntugatik galtzen ari ziren gipuzkoarrak, baina defentsa on bati esker luzapenera iritsi ziren. Azkenean 58 eta 55 gailendu ziren gure mutilak.

Igandeko finala sari bat bezala hartu zuen Zaherrek.Oso nekatuta iristeaz gain, aurrean zuen taldea, Easo, ‘a prioir’ maila altuagokoa baitzen. Maila desberdintasun hori lehen laurdenean ikusgai gelditu zen 19 eta 3 irabazten ari baitziren donostiarrak. Azkenean, 58 eta 21 galdu zuen Grupo Zaher ISBek.

Finala galdu arren, taldeak oso sentipen onak ekarri zituen etxe aldera, eta lanerako gogo handiarekin itzuli ziren datorren asteburuan Arrasatetik garaipenarekin itzultzeko, Euskal Ligako lehenengo partiduan.