Garaipena baina sentipen onik ez kadete mutilentzat

img
Grupo Zaher ISB. (Argazkia: Easo)

55 eta 76 irabazi zion Grupo Zaher ISBek Mondragon Unibertsitateari intentsitate baxuko partiduan.

Pasa den larunbatean, irailaren 21ean, hasi zen denboraldia Grupo Zaher ISB taldearentzat, aurre denboraldi luze baten ostean. Gure mutilak 55 eta 76 gailendu ziren Mondragon Unibertsitatearen aurka Euskal Ligako beraien estreinaldian.

ISBko jokalari guztientzat lehenengo aldia zen Euskal Liga jokatzen zutela eta hori oso nabaria izan zen partiduan. Urduritasun handiz kantxaratu ziren gure mutilak eta horren eraginez, baloi ugari galdu zituzten, jaurtiketek aroa ez zuten ukitzen, kanasta errazak ez zituzten saskiratzen… Lehenengo laurdenean ez zuten asmatu nola jokatu. Eta atakeko arazoei defentsako jarrera falta gehitu zitzaion. Horrela ezinezkoa egin zitzaien tartea irekitzea ISBko mutilek. Hala eta guztiz ere, bost puntuz irabazten iritsi ziren lehen laurden amaierara (15 – 20). Bigarren laurdenean ildo berdinetik jarraitu zuen taldeak. 6. minutuan, ordea, Borja Belloso entrenatzaileak hutsartea eskatu eta dinamika aldatzea lortu zuen. Taldea beste jarrera batekin kantxaratu zen, eta horri esker, 0 eta 16ko partzial bat egin zuten. Horrela, 30 eta 48ko markagailuarekin iritsi zen atsedenaldira.

Bigarren zatian taldea urduri egotetik guztiz erlaxatzera pasatu zen, eta ez zuen entrenatzaileak jokalariak motibatzen asmatu. Emaitza: 7 eta 7 hirugarren laurdenean. Saskiratze gutxiko laurden horren ondoren, Iraurgi SBko mutilak intentsitatearekin irten ziren, partidua puskatzeko asmoz. Eta hasierako partzial txiki bati esker 25 puntutako abantaila lortu zuten 8 minuturen faltan (37-62). Momentu horretatik aurrera, ekipoak motibazioa galdu zuen berriro, eta lortutako abantailarekin jokatu zituzten gainontzeko minutuak. Azkenik, 55 eta 76 zioen markagailuak partidu amaieran.

Horrela, Grupo Zaher ISB taldearen denboraldiko lehen jardunaldia “zapore gazi-gozoarekin” amaitu zen entrenatzailearen ustetan. Belloso “gustora” agertu zen “garaipena lortu” zutelako, baina aldi berean “kezkati” zegoela esan zuen “taldeak emandako itxurarekin”. Datorren larunbatean, Grupo Zahar ISBek Easoren, ligako txapeldunak izateko faborito nagusien, aurka jokatuko du Azpeitiko kiroldegian, 13:00etan.