Garaipena Errotaundi ISBrentzat ligako lehenengo jardunaldian

img
Argazkia: Iraurgi SB

46 eta 58 irabazi zion Astigarragako La Salle Mundarrori bere kantxan.

Errotaundi ISBek garaipenarekin hasi zuen denboraldi berria. 46 eta 58 irabazi zion Astigarragako La Salle Mundarrori larunbat arratsaldean, Astigarragan. Akatsez betetako partidua izan zen bi taldeen aldetik, eta azkenean Iraurgiko mutilek lortu zuten garaipena.

Bi taldeen hutsegitetik hutsegitera hasi zen partidua: baloi galtzeak, jaurtiketa txarrak, hutsegiteak jaurtiketa libreetan,… eta ondorioz laurden berdindua izan zen. 10 eta 10 lehenengo 10 minuturen ostean.

Etxekoak abilezia gehiagorekin hasi zuten bigarren laurdena eta 17 eta 14 irabazten jarri ziren 14. minutuan. Hori izango zen etxekoak aurretik egon ziren azken aldia. Momentu horretan hasi ziren Iraurgikoak esnatzen. Arintasun apur bat lortu zuten atakean eta defentsan puntu gutxi jasotzen jarraitu zuten. Horrela 5 eta 15eko partzial bat eskuratu zuten, eta 21 eta 29 iritsi ziren atsedenaldira.

Hirugarren laurdena lehenaren antzekoa izan zen. Hutsegite askorekin, Astigarragakoak Iraurgikoengana gerturatzen ziren, ondoren azken hauek berriz tarte bat irekitzen zuten. Laurden amaieran, ordea, hiruko jaurtiketa batean falta bat eta kanpoko entrenatzaileari adierazitako falta bati esker, partidua estutu zen: 36 eta 42 laurden amaieran.

Azken laurdenean, aurrekoetan ikusitakoaren antzeko zerbait ikusi genuen. Hala ere, akatsei erritmo igoera bat ezarri zien Errotaundiko mutilek, eta horrela hainbat baloi lapurtze lortuta, partidu amaierako 46 eta 58raino zabaldu zuten tartea.

Hurrengo partidua, irailaren 28an, larunbatean, jokatuko dute Errotaundi ISBekoek Azpeitiko kiroldegian. 16:00etan hasiko da partidua, eta Donostiako Cafes Aitona izango dute aurkaria.