Grupo Zaher ISBek aurpegia eman zuen faboritoaren aurrean

img
Argazkia: Iraurgi SB.

Intentsitate handiko partiduan indarrik gabe gelditu zen ISB, eta azkenean 58 eta 75 galdu zuen Easoren aurka.

Oso partidu zirraragarria bizi izan zen larunbatean Azpeitiko kiroldegian. Grupo Zaher ISBek beraien ligako faboritoen aurka, Easoren aurka, jokatu zuen, eta hauek ezarritako intentsitate altua ia partidu osoan zehar aguantatu zuen arren, azken minutuetan indarrik gabe gelditu eta 58 eta 75 galdu zuen. Hala ere, oso partidu ona jokatu zuen eta sentipen positiboekin amaitu zuen.

Iraurgiko mutilek aurre denboraldian jokatu zuten azkena Easoren aurka, eta erraz irabazi zuen Donostiako taldeak. Horregatik, partidu honetara hura buruan zutela iritsi ziren ISBekoak. Baina beldurtu egin beharrean, hori eragingarri bat izan zen gure mutilentzat eta gogorrago lan egin zuten. Horri esker, partiduko lehen abantailak beraien aldekoak izan ziren: 7 eta 3 4. Minutuan eta 13 eta 10 7. Minutuan. Alabaina, motibazio extra horrek gehiegizko agresibitatea ekarri zien Borja Bellosoren mutilei eta falta ugari eginda aurkariek jaurtiketa libre asko bota zituzten (14 laurden honetan). Puntu horiei esker, donostiarrek markagailuari buelta eman zieten: 15 eta 17.

Bigarren laurdenean kanpokoak nagusi izan ziren. Azpeitiarrek lanean jarraitu zuten arren ez zuten jokoan jarraipenik aurkitu, eta argi gelditu zen beraien liga oso estua dela eta edozein hutsegite gogor ordaintzen dela. Atsedenaldian 31 eta 41 galtzen ari ziren ISBekoak.

Gure mutilek bigarren zatian jokatu zituzten beraien momenturik onenak: baloiak lapurtu, defentsa gogorrak, kanasta aurrean ere gehiago asmatzen zuten… eta horrela partidua berdindu zuten 6. Minutuan: 44 – 44. Baina, aurkarien erreakzioa berehala iritsi zen eta Easok 11 eta 0ko partzial bat sartu zien azken minutuetan. Hirugarren laurden amaieran: 44-55.

Laurden horren ostean ISBeko mutilak ia indarrik gabe iritsi ziren, baina hala nola beraien armak atera eta 13 eta 8ko partzial baten ondorioz berriro partiduan sartu ziren: 57 eta 63 bost minutu faltan. Azken esfortzu horrek, ordea, guztiz indarrik gabe utzi zuen taldea. Eta kanpoko taldeak errotazio handiagoa izanik intentsitate berdinarekin jarraitu zuen, eta gure mutilek ezin izan zien oraingo horretan aurre egin. Horrela, 1 eta 12ko partzial batekin 58 eta 75 amaitu zen partidua.

Datorren asteburuan Grupo Zaher ISBek Baskoniaren aurka jokatuko du larunbatean Gasteizen, eta Bellosok eta bere mutilek hobekuntzak lortzeko lanean jarraituko dute.