Garaipen bikainarekin hasi dute Zurteko neskek denboraldi berria

img
2014-2015eko taldea. (Argazkia: J. Goenaga)

45 eta 80 irabazi diote Erroibide Irun taldeari partidu biribil batean.

Pasa den igandean hasi zuen Zurt ISB taldeak 2014-2015 denboraldia. Nesken lehen mailan etxetik kanpoko partidu guztiak zailak izaten direla kontuan hartuta, eta lehen partiduan izaten diren urduritasunak aintzat hartuta, partidu zail bat jokatzeko asmotan joan ziren gure neskak Irun aldera. Baina, partidu biribil bat jokatu eta 45 eta 80 irabazita itzuli ziren etxera.

Partidara hobeto sartu ziren Irundarrak. Kanpotik asmatuz, aurreneko aldeak lortu zituzten gure defentsako hutsak aprobetxatuz. Hala ere, laurdena aurrera joan ahala, barruan min egiten hasi ziren gure neskak, eta ez zien utzi aurkariei markagailuan alde egiten. Hiru puntu behetik amaitu zuten lehen laurdena.

Bigarren laurdena, aurrekoaren amaieraren antzera hasi zuten. Defentsako hutsegiteak zuzentzea lortu zuten eta ia erasoko argumenturik gabe utzi zituzten Erroibideko jokalariak. Errebotea ondo itxiz, korrika bikain egin zuten eta hamabi eta hutseko partziala sartuaz, aurreneko abantailak lortu zituzten. Horrez gain, kanpotik ere jaurtiketak sartzen hasi ziren, eta atsedenaldira hamabost puntuko abantailarekin iritsi ziren.

Aldageletan hirugarren laurdenaren hasierak zuen garrantziaz hitz eginda, partidua apurtzeko asmotan irten ziren Zurt ISBeko neskak. Kontzentrazio bikaina mantenduz eta defentsako lan izugarria eginez aritu ziren Iraurgikoak eta gainera, erasoan korrika egin eta kanpotik dena sartzen jarraitu zuten. Horrela, apurka-apurka aldea handitzen jarraitu zuten. Aldageletan hitz egindakoa beteaz, laurden honetan partidua erabaki zuten, 31 puntugatik irabazten amaitu baitzuten laurdena. Laurden honetan datu oso kuriosoak bete zituzten Zurteko neskek: hiruko jaurtiketa guztiak sartu zituzten (4tik4) baina jaurtiketa libreetan barregarri ibili ziren, 8tik bakarra sartuaz.

Partida erabakita zela, azken laurdena lasaiagoa izan zen eta minutuak banatzeko erabili zuten bi entrenatzaileek. Azkenean 45 eta 80 irabazi zuen Zurtek.

Datorren asteko partidua oso gogorra izango da, liga honetako talderik indartsuenetarikoa den Megacalzado Ardoi talde nafarraren aurka jokatuko baitute 18:00etatik aurrera, Azkoitian.

Partzialak: 18-15, 7-25, 7-23 eta 13-17

ERROIBIDE IRUN

Altzaga (2), Alza (5), Ramirez (6), Bravo, Martinez (11), Oregi, Borreguero (2), Gonzalez (11), Arozena (6), Saenz (2).

ZURT TABERNA ISB

Garazi (2), Maite Lizarazu (17), Naroa (8), Eider (7), Irati (2), Maite Zubizarreta (9) Intza Lizarazu (17), Itsaso (16), Ane (4), Maitane.