Lehen partidua, lehen garaipena

img
Argazkia: J.I. Oyarzabal

Partidu amaierako erreakzio bati esker, Sein ISBek markagailuari buelta eman eta puntu bateko aldeaz irabazi zion Beasaingo Arri BKLri.

Sein ISBek, mutilen bigarren junior taldeak, Arri BKL Bri irabazi zion pasa den larunbatean Azpeitiko kiroldegian. Gutxieneko aldeaz, 55-54, lortu zuen garaipena etxeko taldeak, eta horri esker, denboraldia garaipen garrantzitsu batekin hasi zuten.

Partidu hasiera ona izan zen gure mutilentzat, aukera errazak aurkitu zituzten, eta horrela, lehenengo abantailak lortu zituzten. Hala ere, minutu on batzuen ondoren, aukera erraz horiek ez asmatzen hasi ziren, eta beasaindarrak, hori aprobetxatuz, markagailuan gerturatu ziren.

Bigarren laurdenean ildo beretik jarraitu zuen partiduak. 19. minutuan kanpoko taldeak partiduari buelta ematea lortu zuen: 26 eta 27. ISBko mutilak ez ziren gai hori aldatzeko, partidu txar bat egiten ari ziren bai defentsan eta baita erasoan ere.

Hirugarren laurdena, saskiratze trukea izan zen: batek saskiratu eta besteak erantzun. Benetan partidu kilikagarri eta berdindua bizitzen ari ziren partidu horretako ikusleak, baina esan beharra dago, kalitate baxuko partidua izan zela. Hirugarren laurden amaieran, markagailuak 42 eta 43 adierazten zuen.

Laugarren laurden hasieran kanpoko taldeak partiduko alderik handiena lortu zuen: 42 eta 47. Eta orduantxe iritsi zen Iraurgi SBren erreakzioa. 10 eta 0ko partzial bati esker bost puntugatik irabazten jarri ziren (52 eta 47 37.minutuan). Azken hiru minutuak oso berdinduak izan ziren, eta azken jabetza ondo aprobetxatuz garaipena lortu zuten gure Juniorrek.