75 eta 49 irabazita konfiantzaz hasi du denboraldia Disdira Bitxitegiak

img
Iaz Mikeldi La Peñaren aurka. (Argazkia: IraurgiSB)

Azpeitiko kiroldegian egin zuten estreinaldia pasa den larunbatean, eta Mikeldi La Peña talde bizkaitarra izan zen lehenengo aurkaria.

Pasa den larunbatean, 14-15 denboraldiko lehendabiziko partidua jokatu zuen Disdira Bitxitegia ISBek Azpeitiko kiroldegian, eta partidua nahiko erraz irabazita, gustura hasi dute txapelketa Iraurgiko mutilek. Iraurgi SBek Mikeldi La Peña taldea izan zuen aurkaria bere estreinaldian, eta 75 eta 49 irabazi zion. Dakigunez, garrantzitsua izaten da lehenengo partidua irabaztea konfiantza hartzeko, eta aurre-denboraldiaren ostean saririk onena da garaipenarekin hastea.

Aurkariek, iazko taldearekin alderatuta, jokalari berriak dituzte eta oraindik taldea guztiz osatu gabe zutela etorri ziren Azpeitira. Disdirak hasieratik beraien erritmoa ipini zuen eta baloia ongi mugituz, eta taldeko joko ederra eginez markagailuan alde politarekin amaitu zuen lehen laurdena, 25 eta 10.

Bigarren laurdenean, aurkariek defentsa aldaketa bat planteatu zuten eta ISBeko mutilak apur bat ataskatu ziren. Horri aurre egiteko lasai jokatu beharrean jaurtiketa azkarrak bilatzen hasi ziren gainera etxekoak. Aukeraketa txarra eginda zaila izaten da jaurtiketa horiek sartzea eta horixe gertatu zitzaien azpeitiarrei. Horrela, bizkaitarrek partiduan sartzeko aukera izan zuten.

Bigarren eta hirugarren laurdenak nahiko antzekoak izan ziren, eta azkenekoan berriro ere ISB nagusi izan zen: kontraerasorako aukerak aprobetxatuz saskiratze errazak lortu zituzten.

Alex Astigarraga entrenatzailearen hitzetan partidu horretan hasierako laurdenean izandako defentsak izan behar du Disdira Bitxitegiaren “oinarria”. Esan zuenez “ongi kontrolatu” zuten “errebotea, eta baita defentsa eta atakea ere”. Hala ere, ikasteko omen dute markagailuari begiratu gabe jokatzea eta “partidua puskatzeko aukera dagoenean puskatzea”. Bere iritziz, beti aukerak ematen ibiliz gero, azkenean norbaitek aprobetxatu egingo ditu.

Hurrengo partidua Gasteizen jokatuko dute Alex eta bere mutilek, Baskonia taldearen aurka. Hauek ere talde eraberritua dute, eta berriro ere lan asko egiten beharko dute garaipena poltsikoratu nahi badute.

Saskiratzaileak: Xabier Aldalur (6), Urbizu (19), Irulegi (6), Beñat Aldalur (3), Unai Amenabar (-), Azkue (10), Artola (7), Luis (5), Lur (-), Jokin (2), Jakes (7), Merketegi (10).