Lana gogotik eginda sariak iristen dira

img
Argazkia: Iraurgi SB

49 eta 61 irabazi zion Glual Hydraulics ISBek Fundacion 5+11 talde gasteiztarrari. Partidu ona eta serioa egin zuten Ander Arrutiren mutilak, eta garaipena Azpeitira ekarri zuten.

Aurreko asteko itxura kaxkarra hobetzeko asmotan joan ziren Glual Hydraulics ISBeko mutilak Gasteizera, pasa den larunbatean.Bazekiten garaipena lortzeko lana gogotik egin beharko zutela, eta esandakoa eginda 49 eta 61 irabazi zioten Fundacion 5+11 taldeari.

Hasieran, aurreko astean bezala hasi ziren, defentsan nahiko erraz lortzen zuten baloia mugitzea eta saskiratzeak lortzeko erraztasunak aurkitzen zituzten. Erasoan, berriz, oso geldirik ibili ziren azpeitiarrak eta Gasteizko taldeak ez zeukan lanik egin beharrik ISBekoen erasoa gelditzeko. Laurden amaieran, ohartu ziren bide horretatik garaipena ez zutela eskuratuko eta aldatzen hasi ziren.

Bigarren laurdenean, taldeak itxura hobea eman zuen. Defentsako lanean serio eta erasoan baloia ongi mugituz hasi ziren, hala eta
guztiz ere, ISBekoek ez zeukaten egunik hoberena izan saskiratzeak lortzeko orduan. Atsedenaldira partidua 27 eta 27 berdinduta iritsi ziren.

Atsedenaldian gauza bat izan zuten garbi Ander Arrutiren mutilek: gogor defenditzen segi behar zuten garaipena lortzeko. Esandakoa bete gabe hasi zuten 3. laurdena, ordea, eta 5 – 0 ko partzial bat jaso zuten. Partzial horri esker esnatu ziren ISBekoak eta beraien joko hoberena egiten hasi ziren. Defentsa ona eta baloia azkar mugituaz beraien maila nolakoa den erakutsi zuten, nahiz eta azkartasun horretan baloi asko galdu zituzten. Azkenean, laurden amaierara, lau puntugatik irabazten iritsi ziren: 40 eta 44.

Azken laurdenera, abantailatxo txiki hori aprobetxatu nahian sartu ziren Glual Hydraulicseko mutilak, eta hasierako 0 eta 8ko partzial bati esker partidua apurtu zuten. Hortik aurrera, defentsako lan oso ona egin eta garaipena Azpeiti aldera ekarri zuten.

Hurrengo partidua urriaren 11an izango da Azkoitiko Kiroldegian 11:00etan hasita. Durangoko Tabirako taldea izango dute aurrean, eta zaletuei garaipena eskaintzeko asmotan joango dira ISBeko mutilak.

SASKIRATZAILEAK

FUNDACION 5 + 11 49 (17+10+13+9)
Ogueta (2), Babiuch (8), Mendizabal (12), Uriarte (8), Perez (9), Galilea (0), Petrusev (6), Duran (0), Andres (0), Martinez (4), Urdiain (-), eta Nicola (-)

GLUAL HYDRAULICS ISB 61 (12+15+17+17)
Merketegi (29), Lur (10), Iker (2), Xuban (2), Elorza (3), Oteiza (0), Astigarraga (12), Xabi (3), Aritz (0) eta Sudupe (0)