Nahi baina ezin ISBeko kadete mutilentzat

img
Argazkia: Iraurgi SB

66 eta 54 galdu zuten huts askoko partiduan. Etxeko taldeak kanpoko jaurtiketetan asmatu zuen eta gureek ez, eta ondorioz, bigarren porrota jarraian jaso zuten.

Grupo Zaher ISBeko mutilek ezin izan zioten Fundacion 5+11 taldeari irabazi, aurreko larunbatean Gasteizen jokatutako partiduan. Partidu txarra jokatu zuten azpeitiarrek: 22 jaurtiketa libre huts egin zituzten, gehiegizko banakako jokoa egin zuten eta gutxi asmatu zuten zonakako defentsari aurre egiteko botatako kanpoko jaurtiketetan. 66 eta 54 galdu zuten, eta modu honetara, bigarren porrota jarraian jaso dute.

Partiduko lehen uneetan saskiratze trukeak egon ziren eta nagusitasuna ere aldatzen ibili zen markagailuan. Hori izan zen joera partidu osoan zehar: bi ekipoen aldetik hutsegiteak, bai baloi galtzeetan eta baita saskiratze errazetan ere. Lehen laurden amaieran 14 eta 12 zioen markagailuak.

Bigarren laurdenean gureak hobeto hasi ziren. Ideiak garbiago izanik partiduari buelta ematea lortu zuten. Baina, bi puntu gainetik zeudenean, ISBeko mutilek 6 jaurtiketa libre jarraian huts egin zituzten, eta akatsa gogotik ordaintzen amaitu zuten. Etxeko taldearen erreakzioa etorri zen eta, joko ona eginez, 11 puntuko aldea lortu zuten atsedenaldi aurretik: 36 eta 25.

Hirugarren laurdenean, azpeitiarrek diferentziak laburtu zituzten eta hiru puntutaraino gerturatu ziren laurdena amaitzeko bi minutu falta zirela. Aldageletan esandakoa bete zuten ordura arte Borja Bellosoren mutilek. Baina azken bi minutuak txarrak izan ziren eta gasteiztarrek 8 eta 0ko partziala sartu zien. Horrela, laurden amaieran 51 eta 40 zioen markagailuak.

Azken 10 minutuak “nahi baina ezin” ak izan ziren gure mutilentzat, saiatu arren ezin izan zuten abantaila moztu. Kanpoko jaurtiketetan ez asmatzeak eta erasoan bururik gabe jokatzeak partidua galtzera kondenatu zituen Grupo Zaher ISBeko partaideak.

Bi taldeen aldetik partidu txarra izan zen eta biak ala biak irabazteko aukera izan zuten arren, txarren artean onena izan zenak eraman zuen partidua. Etxeko taldeak jaurtiketetan asmatu zuen eta gureek ez, hori izan zen partiduko gakoa.

Larunbat honetan, Grupo Zaher ISBek Tabirako taldearen aurka jokatuko du Azkoitiko kiroldegian 13:00etan.