Bigarren garaipena eskuratu du Disdira Bitxitegiak Gasteizen

img
Argazkia: Iraurgi SB.

Gasteizko Fundación 5 + 11 taldeari 54 eta 61 irabazita sailkapeneko buru jarri da Azpeitiko taldea.

Iazko denboraldia ona izan bazen Disdira Bitxitegia ISBrentzat, ezin esan hau gaizkiago hasi duenik. Bi partidutan bi garaipen eskuratu ditu eta, puntu desberdintasunei esker, sailkapeneko buru ipini da. Pasa den astean, Gasteizko Fundación 5+11 taldeari irabazi zion 54 eta 61 Alex Astigarragaren taldeak.

Hasieratik, garbi zuen Disdira Bitxitegia ISBek Baskonia taldea lehengo urtetik guztiz eraberrituta zegoela, eta ez zuela zer ikusirik izango aurreko urtekoetakoekin. Eta bazekiten talde gaztea eta maila onekoa izango zutela aurrean. Partidua ongi hasi zuten Azpeitiko mutilek, eta hasieratik partiduko tarterik handiena lortu zuten: 2 eta 10. Segituan iritsi zen, ordea, etxeko taldearen aldetik erreakzioa eta partzial berbera itzulita 12 eta 12 jarri ziren. Hortik aurrera, ISBkoak beti aurretik izan ziren arren, ez ziren gai izan 4 edo 6 puntu baino gehiagoko tartea irekitzeko. Lehen zatia 28-31 amaitu zen.

Bigarren zatian, azpeitiarrak lasaiago jokatzen saiatu ziren baloi gutxiago galtzeko asmotan, eta horri esker 0 eta 6ko partzial baten ondorioz, abantaila txiki bat hartu zuten. Tarte hori mantendu zuten Iraurgiko mutilek azken bost minutuetara iritsi ziren arte. Hor hasi ziren berriro arazoak Azpeitiko taldearentzat. Erasoan, jaurtiketa libreak banaka sartzen zituzten azpeitiarrek eta bitartean, gasteiztarrek hiruko jaurtiketak lortzen zituzten. Bi minuturen faltan, partidua berdinduta zegoen. Hala ere, azken minutuetan, Disdira Bitxitegiak bere esperientziaz baliatuz, hobeto jokatu zuen eta garaipena etxera ekartzeko gai izan zen.

Partidu horretan, bi taldeek akats ugari egin zituzten. Biek ala biek ongi defenditu zuten eta aurkariei akatsak eginarazi zizkieten. Iraurgiko mutilak errebotea ongi itxi eta korrika egiteko gai izan ziren arren, aurkariek balantze ona eginez defenditzera iristen ziren. Garaipena, talde guztiaren lanaren ondorioz lortu zuten eta argi daukate horrela jarraitu behar dutela aurrerantzean. Liga hasiera gogorra daukaten arren, edozeini aurre egiteko gai direla erakutsi dute eta horretan jarraitzeko asmotan iritsiko dira datorren larunbatean Atletiko San Sebastian taldearen aurkako partidura (Azpeitiko kiroldegian 18:30etik aurrera).

Saskiratzaileak:

Xabier Aldalur (4), Urbizu (12), Irulegi (10), Beñat Aldalur (13), Unai Amenabar (1), Azkue (5), Luis (10), Lur (-), Jokin (-), Jakes (6), Merketegi (-).