Bitik bi Sein ISBrentzat

img
Sein ISB. (Argazkia: Iraurgi SB)

Iraurgi Saskibaloiko bigarren junior taldeak 45 eta 59 irabazi zion Zast 97ri Zarautzen.

Pasa den larunbatean 45 eta 59 irabazi zion Sein ISBek Zast 97 taldeari. David Rodriguezen mutilek Zarautzen jokatu zuten ligako bigarren jardunaldia eta bigarren garaipenarekin Iraurgi SBeko mutilek lehen postua eskuratu dute sailkapenean.

Partidu hasieran despistatuta hasi ziren Seineko mutilak eta etxeko taldeak 7 eta 0ko partzial bat eskuratu zuen. Apurka-apurka, ordea, esnatzen hasi ziren azpeitiarrak eta partiduan sartu ziren. Defentsako intentsitatea igo zuten eta errebotea kontrolatzen hasi ziren, nahiz eta aurkariak altuagoak izan. Behin errebotea kontrolatuta zutela, azkar irteten hasi ziren ISBeko mutilak. Horrela, laurden amaierarako aurretik ziren Daviden mutilak: 14 -19.

Bigarren laurdena, lehenengoa amaitu zen bezala hasi zen: Seinekoak partidua kontrolatzen. 6 eta 15eko partziala eskuratu zuten azpeitiarrek eta partiduko tarterik handiena zabaldu zuten (20 eta 34)- Baina, partidua guztiz apurtuko zutela zirudienean, hainbat hanka sartzeren erruz, zarauztarrak 5 eta 0ko partziala eskuratu zuten. Horrela, markagailuak 25 eta 34 zioen eta partidua guztiz irekita gelditu zen.

Atsedenaldia ez zitzaien ondo etorri Azpeitiko mutilei. Defentsan intentsitatea galdu zuten eta erasoan kanpoko jaurtiketa gehiegi botatzen zituzten. Seineko mutilek saskiratze bat bakarrik lortu zuten lehenengo 7 minutuetan eta horrela, Zast 97ko mutilak puntu batera gerturatu ziren (35-36). Iraurgiko mutilek beraien karakterra atera eta 0 eta 10eko partziala eskuratu zuten eta hirugarren laurden amaieran 35 eta 46 zioen markagailuak.

Azken laurdenean, Iraurgiko mutilek defentsako maila ona mantendu zuten baina berriro arazoak izan zituzten erasoan. Hala ere, lehenengo minutuetan asko huts egin arren, beste partzial txiki bat eskuratu zuten eta 17 puntutako abantaila lortu zuten, partidua amaitzeko gutxi falta zela. Partidua irabazita zegoela ikusita, Sein taldea erlaxatu egin zen eta Zarautzeko taldeak saskiratze batzuk lortu zituen. Azkenean 45 eta 59 irabazi zuten azpeitiarrek.

Datorren larunbatean, urriaren 25ean, Sein ISBeko mutilak Oñatiko Aloña Mendi taldearen aurka jokatuko dute. Partidua Azpeitiko kiroldegian izango da 9:00etan.