Bide onetik jarraitzen du Zurt tabernak

img
Garazi Arregi jaurtiketa bat egiten. (Argazkia: IraurgiSB)

66 eta 38 irabazi zion Araski Aes talde gasteiztarrari pasa den larunbatean eta ez du oraindik porrota ezagutzen.

Pasa den larunbatean, urriaren 25ean, Zurt taberna ISB taldeak denboraldiko laugarren garaipena eskuratu zuen Gasteizko Araski Aes taldearen aurka. Etxeko taldeak Intza Lizarazu eta Naroa Uria jokalariak min hartuta zituen eta tentuz aurre egin zion partiduari. Hala ere, hutsunerik nabaritu gabe egin zien aurre ISBeko neskek partiduari eta 66 eta 38 irabazi zuten.

Partidura ondo sartu ziren Zurteko neskak. Erraz aurkitzen zuten gasteiztarren saskia eta aurreneko aldeak lortu zituzten.
Gasteiztarrak apurka esnatzen hasi ziren baina bost sei puntutako aldeak izan zituzten Iraurgiko neskek laurden osoan. Erasoak defentsen gainetik ibili ziren laurden honetan eta ondorioz, puntu askoko zatia izan zen: 22 eta 17.

Bigarren laurden hasieran Eneritz Larrañaga jokalari gazteak hartu zuen Zurt taldearen erasoko erantzukizuna eta aldea handitzen hasi zen etxeko taldea. Defentsako lan bikaina burutu zuten gure neskek - aurkariek hiru puntu bakarrik eskuratu zituzten laurden osoan- eta aurreneko zati amaierara hamabost puntuko aldearekin iritsi ziren.

Hirugarren laurdena estuagoa izan zen. Gasteiztarrak hobeto hasi zuten partidua atsedenaldi ostean eta hamar puntutaraino gerturatu ziren. Baina hor amaitu zen gasteiztarren grina. Zurtekoek atzealdeko lana estutu zuten eta 12-0ko partziala lortu zuten, partidua erabakita utziaz: 55 eta 34.

Azken laurdenean partidua erabakita zegoen jada.Rubioren neskek defentsako lan onarekin jarraitu zuten baina erasoan ez zuten aurreko laurdeneko argitasunik izan. Azkenean garaipen erraza lortu zuten gora beherekin jokatutako partidan.

Datorren larunbatekoak, ordea, beste kontu batzuk izango dira. Leioara joango da Zurt taberna ISB eta gogor lan egin beharko du garaipena lortzeko, hura liga osoko kantxarik zailenetakoa baita.

Partzialak: 22-17,13-3,20-14,11-4

ZURT TABERNA ISB
Garazi Arregi (4), Maite Lizarazu (3), Eider Bereziartua (13), Irati Etxeberria, Maite Zubizarreta (14), Itsaso Astigarraga (7), Ane Goenaga (3), Maitane Gurrutxaga (3), Aitziber Besga (7), Eneritz Larrañaga (12).

ARASKI AES
De la Torre (5), Zubizarreta (1), Vesga (5), Iñiguez (8), Rementeria (6), Perez (2), Del Campo, Sarasti (5), Cano (5), Bedia (6).