Sein ISBk garaipena lortu du Aloña Mendiren aurka partidu estu batean

img
Argazkia: Iraurgi SB

Azpeitiarrak 58 eta 56 gailendu zitzaien oñatiarrei, azken laurdenean erabaki zen partiduan.

Sein ISBek 58 eta 56 irabazi zuen Aloña Mendiren aurka partidu estu batean. Garaipen horrekin, David Rodriguezen mutilek ez dute oraindik porrota ezagutzen eta lidergotzan jarraitzen dute Ordiziako taldearekin batera.

Partidu hasiera ona izan zuen etxeko taldeak. Abiadura altua jarri zion bere jokoari eta saskiratze errazak lortzeko aukera izan zuen. Defentsan, aldiz, errebotea kontrolatzen zuen, nahiz eta fisikoki gutxiago izan, eta horrela, laurden amaierara 14 eta 10 irabazten iritsi zen.

Bigarren laurdenaren hasiera ez zen hain ona izan Sein ISBrentzat. Saskiratzea lortu zuen arren, jarraian 0 eta 9ko partziala iritsi zitzaion, eta markagailuan atzetik ikusi zuen bere burua. Seinekoek ezin zuten aurkarien erasoa gelditu eta erasoan ez ziren lasai jokatzeko gai. Azkarregi aritze horrek baloiak galdu arazi eta jaurtiketa txarrak egin arazi zizkion etxeko taldeari. Hala ere, apurka sentsazioak errekuperatzen hasi ziren Rodriguezenak, eta atsedenaldian berdintasuna adierazten zuen markagailuak: 26 eta 26.

Atsedenaldi ostean lehen minutuetan berdintasuna nagusitu zen kantxan, bi taldeek akatsak eta asmatzeak txandakatzen zituzten. Baina, azken bost minutuetan kanpoko taldeko Narbaiza jokalariak 12 puntu jarraian sartuta bere taldea 7 puntuz irabazten jarri zuen laurden amaieran (36 eta 43).

Azken laurden hasieran Sein ISBek defentsa maila altua ipini zuen, baina erasoan ez zituen saskiratzeak lortzen eta partidua irabaztea oso zaila jarri zitzaion (39 eta 47 25.minutuan). Baina, orduantxe iritsi zen “iraurgi izaera”: defentsan maila altuarekin jarraitu zuen eta erasoan baloiari abiadura ipini zion. Horrela, 11 eta 2ko partziala sartu zuen ISBek eta berriro aurretik ipini zen (50 eta 49). Laurdeneko azken bi minutuak intentsitate eta emozio askokoak izan ziren, eta etxekoentzat zorionekoa izan zen jokaldi batean, 58 eta 56koa jarri zuten. Azken jabetzan, Sein ISBek baloia ostu zien Aloña Mendikoei, eta markagailua bere horretan gelditu zen.