Ezin izan du Disdira Bitxitegiak bere bolada onarekin jarraitu

img
Lehenengo mailako taldea iaz (Argazkia: Iraurgisb)

57 eta 51 galdu zion Tabirako Baque taldeari defentsan oinarritutako partiduan, eta horrela denboraldiko lehen porrota jaso du.

Disdira Bitxitegia ISBek ezin izan zuen laugarren garaipena jarraian lortu Durangora egindako bisitan 57 eta 51 galdu baitzuen. Oso puntu gutxiko partidua izan zen bai Tabirako Baquek eta baita Alex Astigarragaren taldeak ere defentsan oinarritu baitzuten beraien lana. Hala ere, nahiz eta porrota jaso, Iraurgiko taldeak ko-lidertzan jarraitzen du 3 garaipen eta porrot batekin.

Lehen bi laurdenak oso berdinduak izan ziren. Denbora horretan bi taldeak izan ziren markagailuan aurretik baina bietako inork ez zuen inoiz alde nabarmenik atera. Bi taldeek defentsan oinarritu zituzten beraien lanak eta ondorioz puntu gutxi saskiratu zituzten. Zati horretan, Iraurgiko mutilek arazo handiak izan zituzten defentsako errebotea ixteko eta bizkaitarren pibotek min handia egin zien. Azkenean, atsedenaldira berdinketarekin iritsi ziren.

Aldageletatik itzuleran Disdira Bitxitegia ISBek kontzentratuta ekin zion partiduari. Defentsan lan bikaina egin zuten eta erasoan ere asmatu egin zuten. Gainera, baloi galdu kopurua jaitsi zuten eta defentsako errebotea ere ongi itxi zuten. Lan on horri esker laurdena 10 puntuko abantailarekin amaitu zuten.

Azken laurdena katastrofikoa izan zen Astigarragaren taldearentzat. Nahiz eta defentsan maila ona mantendu, erasoan ideia guztiak ezabatu zitzaizkien Iraurgikoei, eta Tabirakoko mutilek ez zien akatsik barkatu. 10 eta 0 ko partzial batez partidua berdindu zuten Durangokoek. Azken bost minutuetan izugarrizko berdintasuna ikusi ahal izan zen kantxa gainean, baina kanpoko taldeari oraindik asko kostatzen zitzaion saskiratzeak lortzea. Azken 10 segundoetan bi hiruko jaurtiketa egin zituzten Disdirakoek eta hauek asmatu ez eta faltak eginez bizkaitarrak ihes egin zuten.

Alexen mutilek 20 jaurtiketa libre bota zituzten eta horietatik 6 bakarrik saskiratu zituzten. Antzeko zerbait gertatu zitzaien hirukoekin ere, 21 jaurti eta 3 lortu baitzituzten. Ez dago esan beharrik horrelako partidu estuetan oso zaila izaten dela ehuneko txar horiekin irabaztea.

Datorren larunbatean, nahiz eta jai eguna izan, Getxoko taldearen kontra jokatuko du Disdira Bitxitegiak. 18:30etik aurrera lan asko egin beharko du Azpeitiko taldeak partidu hori etxean gelditzeko.