Beste garaipen bat Errotaundi ISBrentzat Zast taldearen aurka

img
Argazkia: Iraurgi SB

70 eta 61 irabazita laugarren garaipena eskuratu zuen talde zarauztarraren kontura.

Pasa den larunbatean, azaroaren 1ean, Iraurgi SBko Errotaundi ISB senior taldeak denboraldiko bere laugarren garaipena eskuratu zuen. David Rodriguezen taldeak Zarautzeko Zast taldeari 70 eta 61 irabazi zion, eta horrela, sailkapeneko aurreko zatian jarraitzen du.

Etxeko taldeak oso ondo hasi zuen partidua. Defentsa onari esker zarauztarrek ezin izan zuten saskiratzerik eskuratu eta hori aprobetxatuz Rodriguezenak 8 eta 0ko partzial bat lortu zuten. Baina, segituan iritsi zen kanpoko taldearen erreakzioa, eta partidu osoan zehar ikusi ahal izan zen nola talde batek tartea irekitzen zuenean jarraian besteak erreakzionatzen zuen. Laurden amaierara gutxieneko abantailarekin iritsi zen Errotaundi ISB, 17 eta 16.

Lehen aipatu moduan, bigarren laurden hasieran Zast taldeari iritsi zitzaion erantzutea eta partidu osoan izango zuen tarterik handiena ireki zuen bost minututan, 22 eta 29. Iraurgikoek errebotea ixteko garaian arazoak zituzten eta erasoan ere ez ziren gai pazientziaz egiteko gauzak. Hala ere, pixkanaka, berriro etxeko taldeari tokatu zitzaion erreakzionatzea, eta kanpoko jaurtiketei esker (eta beste errore batzuk disimulatuz) partiduari buelta emateko gai izan ziren. Hortik aurrera, bi taldeek hutsegiteak eta asmatzeak elkartrukatu zituzten. Atsedenaldian 41 eta 36 zioen markagailuak.

Aldageletatik itzuli ostean berdintasuna nabaritu zen kantxa gainean. Baina, laurdena amaitzeko bi minutu falta zirela Zasten txanda izan zen berriro, eta partiduari buelta emateko gai izan zen. Hala ere, laurden amaierarako ISB berriro aurretik zen, 53 eta 52.

Azken laurdeneko lehen bost minutuetan etxeko taldeak 11 eta 1eko partziala sartu zuen eta horrela partidu osoko abantailarik handiena eskuratu zuen (64 eta 53 35.minutuan). Baina partidua erabakita zegoela zirudienean, erasoan ataskatuta gelditu zen etxeko taldea. Zarauztarrek ez zuten aukera pasatzen utzi eta 3 puntutaraino gerturatu ziren bi minuturen faltan. Hala ere, etxeko taldeak ez zuen partidua eskapatzen utzi nahi izan eta defentsa ona eginez Zastek ez zuen puntu gehiago eskuratu. Azkenean, Errotaundi ISB 70 eta 61 Zast.

Errotaundi ISBek ez du hurrengo asteburuan partidurik jokatuko, hurrengo jardunaldiko partidua urriaren 11n jokatuko baitzuen Tecnun taldearen aurka.