Garaipen garrantzitsua eskuratu du Glual Hydraulics ISBk

img
Argazkia: Javier Zurbano.

Partidu serioa jokatu eta 34 eta 60 irabazi zion Cafes Aitona Askatuak taldeari.

Atsedenaldiko jardunaldiaren ondoren, garaipenarekin itzuli zen Glual Hydraulics ISB pasa den asteburuan. A1 ligaxkarako sailkapena lortzeko garrantzitsua zen Cafes Aitona taldearen aurkako partidua, eta 34 eta 60 irabazita beraien helburua gero eta gertuago dute.

Ondo hasi zuten partidua gure mutilek 0-9 partzial batekin hasieratik sorpresarik ez zutela nahi kontuan hartuz. Erasoan ez zuten egunik hoberena izan, baina defentsako jarrera eta lan onak, eta errebotearen kontrolak partiduaren jabe izatea ahalbidetu zien laurden honetan. 5 eta 14 laurdenaren bukaeran.

Bigarren laurdena eskasagoa izan zen Iraurgikoen aldetik. Sekula amore ematen ez duen taldea da talde donostiarra eta beraien joko erritmo trabatua ezarri zuten. Honek kalte egin zien Glualeko mutilei eta 18-19 gerturatu ziren donostiarrak. Hala ere, taldeak erreakzionatzen jakin zuen eta 0-8ko partzial batekin 18-27koarekin joan ziren atsedenaldira.

Hirugarren laurdena ere orain arte ikusitakoaren ildo beretik joan zen. Joko erritmo makala eta trabatua izan zen nagusi hasieran, baina apurka talde azpeitiarrak lortu zuen berari gustatze zaion joko erritmo bizia ezartzea eta 7 eta 20ko partziala lortu zuen. Horrela, markagailuan 18 puntuko abantaila lortzeaz gain, partiduaren kontrola eskuratu zuten.

Azken laurdena ere hirugarrenaren antzekoa izan zen; talde azpeitiarrak serio jarraitu zuen bere lana egiten. Talde donostiarra berriz erabat partidutik aterata ibili ziren, eta gauzak horrela, abantaila handitzea lortu zuen gure taldeak. Partidua 34 eta 60koarekin amaitu zen.

Hurrengo partidua azaroaren 15ean izango dugu, Bilboko Loiola Indautxu 97 taldearen aurka, Azkoitiko Elkargunean 11:00etan.

SASKIRATZAILEAK

CAFES AITONA ASKATUAK 34 (5+13+7+9)
Armendariz (5), Alberdi (4), Garcia (1), Lopez (3), Linares (6), Gonzalez (0), Martiarena (-), Olazabal (8), Elduayen (2), Malet (2) eta Samaniego (3)

GLUAL HYDRAULICS ISB 60 (14+13+20+13)
Merketegi (8), Lur (7), Iker (0), Amets (4), Oteiza (5), Astigarraga (12), Xabi (2), Zabarte (15), Aritz (2) eta Sudupe (2).