Zaher ISBk lehen garaipena eskuratu du etxeko partiduan

img
Argazkia: Javier Zurbano.

77 eta 48 irabazi zion Mondragon Unibertsitatea A taldeari, eta A1 ligaxkan sartzeko helburuarengatik borrokan jarraitzen du.

Pasa den larunbatean, Grupo Zaher ISBk 77 eta 48 irabazi zion Mondragon Unibertsitatea A taldeari. Bigarren garaipena jarraian lortu zuten eta horrela, jokatutako zortzi partidutan lau garaipen eta lau porrot lortu dituzte. Garaipen horri esker, bi partidutako desberdintasuna ateratzen dio atzean duen taldeari, Araberriri, eta A1 ligaxkan sartzeko 7 partidu falta direla oso urrats garrantzitsua da hori.

Zaher oso ondo entrenatzen ari da nahiz eta baja ugari izan. Aste honetan Iakes Galarraga, Aitro Arrieta eta Julen Galarragak ezin izan zuten partidua jokatu eta Aimar Zubizarreta eta Iban Loinaz erdipurdi aurkitzen ziren. Hauen falta suma ez zedin Ierai eta Julen, lehen urteko kadeteak, jokatu zuten Zaherrekin eta Borja Belloso entrenatzaileak eskerrak eman nahi dizkie egindako lan onagatik.

Partidua espero bezala hasi zen: kanpoko taldeak galtzeko ezer ez zuenez, guztiarekin irten ziren eta, bestalde, Iraurgikoek ahalik eta lan gutxiena eginez irabazi nahi zuten partidua. Arrasatekoek kontaktu handiko partidua planteatu zuten, eta defentsa bizia egin zuten bai lehen pasean eta baita baloiaren defentsan ere. Zaherrekoek, aldiz, ez zuten intentsitate horretara iritsi nahi eta asko kostatzen zitzaien jokatzea. Atsedenaldian 34 eta 39 aurretik zen Zaher.

Bigarren zatian, etxeko taldea esnatu egin zen eta horrekin batera, kanpoko taldeak beherantz egin zuen aurreko lan 20 minutuetako esfortzua nabarituz. Horri esker bolada ona izan zuen Zaherrek eta 52 eta 38ko tartea zabaldu zuen. Azken 10 minutuetan etxeko taldeak jokoa menderatu zuen eta 25 eta 10eko partzialari esker 77 eta 48ra iritsi ziren.

Belloso entrenatzailearentzat oso kezkagarria da taldeari zenbat kostatzen zaion motibatzea irabazi beharreko partiduetan. Hala ere, etxeko lehen partidua irabazteko helburua bete zuten. Hemendik aurrera, Zaherrek hiru partidu zail ditu jarraian, sailkapeneko lau lehenetan dauden hiru talderen aurka jokatuko baitu. Hiruretako batean emaitza ona lortuz gero, A1 ligaxkarako klasifikazioa gertu izango du ISBk.