Zazpigarren garaipena eskuratu du Zurt ISBk eta sailkapeneko hirugarren postuan jarraitzen du

img
Argazkia: Javier Zurbano.

58 eta 53 irabazi zion La Salleri azken minutuetan 12 puntuko desabantailari buelta emanez. Maitande Domingez juniorrak debutatu zuen nesken Lehen Mailan.

Pasa den larunbatean zazpigarren garaipena eskuratu zuen Zurt Taberna ISB taldeak, ia galduta zegoen partiduan. Partidu osoa galtzen joan ostean partidua amaitzeko minutu bat falta zela jarri zen lehen aldiz aurretik eta azkenean 58 eta 53 irabazi zion Bilboko Autocares La Salle taldeari. Horri esker, sailkapeneko hirugarren postuan jarraitzen du Azkoitiko taldeak. Garaipenaz aparte, partiduko puntu positiboa beste junior baten debuta izan zen. Maitane Dominguez jokalariaren txanda izan zen oraingoan eta oso lan ona egin zuen bere estreinaldian.

Aste gogorrak izaten ari dira Zurteko kideentzat, kolpe asko ari dira jasotzen lesioengatik, azkena Iratirena, eta taldea psikologikoki ukituta iritsi zen partidura.Partidua gaizki hasi zuten Zurtekoek, ideiarik gabe erasoan, zertan jokatzen ari ziren jakin gabe eta erraztasunak emanez aurkariari. Huts asko egin zituzten eta zailtasun handiak izan zituzten saskiratzeak lortzeko orduan. Bilbotarrek, hori aprobetxatuz, 8 puntuko abantaila eskuratu zuten, baina azken orduko 4-0 bati esker lau azpitik amaitu zuten gure neskek lehen laurdena.

Aurrena gaizki hasi bazuten, bigarrena are okerrago. Zurteko neskek ezin zieten bilbotarren agresibitateari aurre egin eta lehen zortzi minutuetan bi puntu bakarrik saskiratu zituzten. Bilbokoek, aldiz, beraien lanarekin jarraitu zuten eta 2 eta 9ko partziala egin zuten. Azkenean, atsedenaldira 9 puntuko desabantailarekin iritsi ziren Joseba Lizarralderen neskak.

Aldageletatik itzuliak on egin zien Zurtekoei eta ideia garbiagoekin egin zuten salto kantxara. Defentsako lan gogorrarekin hasi ziren eta erasoan ere hobeto jolastu zuten 5 puntutaraino gerturatuz. Baina momentu horretan taldea berriro erlaxatu egin zen eta ordura arteko jokora itzuli ziren. La Sallekoek hori aprobetxatu zuten 14 puntuko aldea irekitzeko berriro ere. Hala ere, laurdena amaitzeko bi minutu falta zirela Aitziber Besgaren erreakzioari esker, sei eta hutseko partziala lortu zuen etxeko taldeak eta zortzi puntuz galtzen amaitu zuten hirugarren zatia.

Gaizki ekin zien laurdenari etxeko neskek, berriro ere, eta bi minututan 12 puntutara igo zuten aldea bilbotarrek. Baino dena erabakita zegoela zirudienean Zurteko neskek etsi ez eta “kale edo balera” jokatu zuten guztia. Presio itogarria egin zuten kantxa osoan eta baloiak lapurtzen hasi ziren. Horrela aldeak murrizten joan ziren eta azken minutuan lehenengo aldiz partiduan aurretik jarri ziren. Azken zortzi minutuetako 24 eta 7ko partzialak eman zien aukera ISBko neskei bost puntuko aldearekin irabaztea.

Hasieratik ikusi zen Zurteko neskak ez zeudela partiduan sartuta, baina partidu osoa galtzen igarota azken minutuan markagailuari buelta eman da irabaztea lortu zuten, nahiz eta partidu txarra jokatu. Hamabost puntugatik galtzen egon da, erraza zen besoak jaitsi, aulkitxoan zeuden hirukoteari begiratu eta partidua galtzea. Baina ez zen ala izan. Azken zazpi minutuetan barruan zeukaten guztia aterata, 19 eta 4ko partziala lortuz partida irabaztea lortu zuten. Esan beharra dago, Zurteko neskak badutela zerbait entrenatzaile denei gustatzen zaiena eta hori borrokarako gogoa da.

Datorren larunbatean Nafarroara joatea tokatuko zaie. Burladaren aurka jolastuko dute, larunbatean 16:20an. Partidu zaila izango da eta ondo jokatu beharko dute irabazi ahal izateko.

Partzialak: 9-13, 9-14, 13-12, 27-14.

ZURT TABERNA ISB
Garazi Arregi (13), Maite Lizarazu (9), Eider Bereziartua (4), Intza Lizarazu (16), Itsaso Astigarraga (7), Ane Goenaga, Maitane Gurrutxaga (2), Maite Galdos, Maitane Dominguez, Aitziber Besga (7).

AUTOCARES ALBA LA SALLE
Bosch, Etxeandia, Berrocal (3), Barrena (7), Paz (2), Ruiz, Ocio (2), Zaballa, Prieto, Vazquez (18), Perez (21), Marin.