Grupo Zaher ISBk ezin izan zuen ezer egin lider garaiezinaren aurka

img
Argazkia: Javier Zurbano.

Lehen bi laurdenetan aurpegia eman arren 76 eta 40 galtzen amaitu zuen.

Grupo Zaher ISBk porrot mingarria jasan zuen pasa den larunbatean Altzako kiroldegian. Oraindik porrota ezagutzen ez duen liderraren, Easo, aurka jokatu zuen eta lehen bi laurdenetan parez pare ibili ziren arren, 76 eta 40 galdu zuen. Hala ere, Iraurgiko taldeak sailkapeneko bosgarren postuan jarraitzen du.

Azpeitiko taldeak oraindik ezin izan du normal entrenatu taldeak dituen bajen ondorioz, baina azken bi garaipeni eta joaneko partiduko oroitzapen onei helduta kemenez iritsi zen Grupo Zaher ISB partidura. Partiduaren hasiera oso trabatua izan zen eta bi taldeek puntu gutxi lortu zituzten. Ez ziren gai erraz puntuak sartzeko eta bi aldeetako hutsei esker laurden amaieran 15 eta 13 adierazten zuen markagailuak.

Bigarren laurdenean Azpeitiko taldeak defentsa ezberdinak egin zituen eta horrek hainbat arazo sortu zion Easori. Baina laurdena amaitzeko bi minutu falta zirela eta markagailuan 19na zihoazela kanpoko taldearen huts bati hiruko batekin erantzun zion etxeko taldeak. Momentu horretan, Iraurgikoek besoak jaitsi zituzten eta 11 eta 1eko partziala jaso zuten. Horrela, azken bi minutu horien erruz, atsedenaldira 30 eta 20 iritsi ziren.

Talde handien kontra, ordea, horrelako gauzak gertatu egiten dira eta bi minutu txar nahikoak izan daitezke partidua galtzeko. Eta hortik aurrera ezer ez zen berdina izan. Etxeko taldeak nahi zuen bezala jokatu zuen eta Iraurgikoak goitik behera erori ziren. Bigarren zatiko 46 eta 20ko partziala horren erakusle da.

Borja Bellos entrenatzailearen ustez “ez genuen gure onena eman, lehen golpearen ostean borrokatzeari utzi genion eta Donostiako taldeak nola jokatzen zuen miresten egon ginen”.

Datorren larunbatean Grupo Zaherrek Fundacion 5+11 taldearen aurka jokatuko du. Baskoniako taldea bolada onean dator eta Zaherrek gogor egin beharko du lan garaipena eskuratzeko Azkoitiko kiroldegian 13:00etan.