Errotaundi ISBk ezin izan zion buelta eman gertu izan zuen partiduari

img
Argazkia: Javier Zurbano.

73 eta 61 galdu zuen Bosteko Irauli taldearen aurka partidu irregular batean.

Pasa den larunbatean, azaroak 22, Errotaundi ISBk 9. jardunaldiko partidua galdu zuen Bosteko Irauli talde donositarraren aurka. 73 eta 61 amaitu zen partidua Donostiako Paco Yoldi kiroldegian. Iraurgiko taldea partidu barruan izan zen azken laurden arte aukerak eta hutsegiteak txandakatuz.

Partidua ondo hasi zen Errotaundi ISBkoentzat. Aroa handia ikusten zuten eta ehuneko oso altuak lortuz 25 puntu eskuratu zituzten lehen laurdenean. Baina, eraso ona izan arren, defentsako lana ez zen ona izan eta aurkariek aprobetxatu egin zuten beraiek ere erraz saskiratzeko. Laurden amaieran 25na berdinduta zegoen markagailua.

Bigarren laurdenak ere lehenengoaren erritmora irisi ez bazen ere saskiratze erritmo altua izan zuen. Talde baten tiraldiari beste taldeak erreakzionatuz erantzuten zion. Horrela, laurden amaierara 43 eta 39 iritsi ziren. Hala ere, Errotaundiko mutilak ez ziren gai jokoari jarraipena emateko eta partzial irregularrak eginez aritu ziren.

Hirugarren laurdenean etxeko taldeak ihes egin nahi izan zuen. Erasoan baloia ongi mugituz arintasunez markagailuan ihes egitea lortu zuten (50 eta 41 24. minutuan). Kanpoko taldeak, ordea, ez zuen partidua galdutzat eman nahi eta hutsarte baten ondoren erreakzioa etorri zen. Partzial ona eskuratu zuten Iraurgiko mutilek eta guztiz sartu ziren partiduan: 57 eta 56 laurden amaieran.

Hala ere, ez zuten ezer lortu erreakzioarekin eta azken laurden hasieran ideiarik gabe gelditu ziren Iraurgikoak. Erasoan oso geldirik eta asmatu gabe ibili ziren. Horrela, puntu bat bakarrik saskiratu zuten lehen zazpi minutuetan eta donostiarrek 13 eta 0 ko partziala egin zuten. Gureek ezin izan zuten berriro erreakzionatu eta garaipena Donostian gelditu zen.

Hurrengo partidua Azpeitiko kiroldegian jokatuko du larunbatean Errotaundi ISB 16:00etan Alde Zaharraren aurka.