Sein ISBk ez du partidurik galdu lehen sei jardunaldietan

img
Argazkia: Iraurgi SB.

3. laurdenean partiduari buelta eman eta 70 eta 81 irabazi zuen Ordiziaren aurka.

Pasa den larunbatean, Sein ISBk 70 eta 81 irabazi zion momentu hartaraino partidurik galdu ez zuen Ordizia taldeari. Hirugarren laurden on bati esker Iraurgiko mutilek atsedenaldian 9 puntugatik galtzen zuten partiduari buelta eman zioten. Horrela, David Rodriguezek zuzendutako taldeak sailkapeneko buruan jarraitzen du eta ez du oraindik partidurik galdu.

Partidua ez zen ondo hasi Sein ISBkoentzat. Etxeko taldea hasieratik zonakako defentsa egiten hasi zen eta Iraurgikoek jaurtiketa errazak egin arren ez zuten saskiratzea lortzen. Etxekoek hori ikusita defentsa berarekin jarraitu zuten eta Iraurgikoak pentsatu gabe jokatzen hasi ziren. Laurden amaieran markagailuak 19 eta 10 markatzen zuen.

Bigarren laurdenean ohartu ziren Iraurgikoak zerbait aldatu behar zutela lehiatu ahal izateko. Intentsitatea igo zuten defentsan eta horri esker aurkarien erasoan gelditu zuten. Horrez gain, korrika hasi ziren eta 3 eta 16ko partzial bat eskuratu zuten, markagailuari buelta emanez. Hala ere, zoritxarrez, ez ziren gai izan maila altu hori mantentzeko eta laurden amaieran berriro ihes egin zuen etxeko taldeak. Atsedenaldian 9 puntugatik galtzen Iraurgikoak: 41 eta 32.

Atsedenaldi ostean, lehen minutuetan saskiratze trukean aritu ziren. Etxeko taldeak kanastatik gertu sartzen bazuen, Seinekoek trantsizio azkarretan eta baloi mugimendu azkarretan lortzen zuten. Laurdeneko azken bost minutuetan lortu zuten gureek partiduari behin betiko buelta ematea. Laurden horretako 3 eta 19ko partzialari esker 55 eta 64 amaitu zen laurdena.

Azken laurdenean kanpoko taldeak abantaila handiagoa ireki zuen. Ordiziako taldeak bi hiruko jarraian saskiratu zituen eta apur bat gerturatu ziren arren ezin izan zuten ezer egin. Azkenean 70 eta 81 Sein ISBrentzat.

Hurrengo bi asteburuetan Sein ISBk ez du ligako partidurik jokatuko. Hurrengo jardunaldia abenduaren 14an izango da Arrasateko Musakola kiroldegian 11:45ean Mondragon Unibertsitatea B taldearen aurka.