Garaipen bikaina Zaher ISBrentzat

img
Argazkia: Javier Zurbano.

Fundacion 5+11 taldeari 76 eta 72 irabazi zion oso partidu ona eginez.

Iraurgi Saski Baloia klubeko kadete mutilek, Zaher ISB, 76 eta 72 irabazi zien Fundacion 5+11 Baskoniako talde indartsuari. Borja Bellosoren taldeak oso partidu ona jokatu zuen eta garbi utzi zuen gauza handiak lortzeko gai direla. Garaipen horri esker A1 ligaxka geroz eta hurbilago daukate.

Aurreko astean liderraren aurka porrot mingarria jasan ostean, asteburu honetan bigarren sailkatuaren aurka jokatze zuen Zaherrek.
Agian horregatik hasi zen Iraurgiko taldea kanpoko taldearen menpe jokatzen. Lehen lau minutuak horrela izan ziren, baina 4 eta 10ekoa zutenean markagailuan etxeko entrenatzaileak partidua gelditu behar izan zuen. Momentu horretatik aurrera Iraurgiko mutilek erreakzionatu egin zuten eta partiduko dinamika aldatu zuten. Zaherrek orain arteko itxura onena eman zuen eta lehen laurden amaierara berdinduta iritsi ziren bi taldeak: 17 eta 17.

Bigarren laurdenean gure mutilek gogor lanean jarraitu zuten eta 11 eta 0ko partziala eskuratu zuten. Hala ere, Baskoniak ere erreakzionatu egin zuen eta ez zion utzi etxeko taldeari markagailuan ihes egiten. Bigarren laurden amaieran 32 eta 26 aurretik ziren Zaherrekoak.

Hirugarren laurdena oso ona izan zen ISBkoentzat. Defentsako oso jarrera ona izan zuten eta erasoan erraz jokatu zuten. 26 puntu eskuratu zituzten laurden horretan. Tartea 20 puntu ingurukoa izan arren, etxeko taldea ez zen gai izan partidua guztiz apurtzeko. Azkenean, 59 eta 44 aurretik ziren 10 minuturen faltan.

Taldeak espero bezala, baina, Gasteizko taldeak lehen lerroak igo zituen eta zeukaten errotazio handiari esker kantxa osoko presioa egin zuten. Etxeko taldea nekatuta iritsi zen azken laurdenera eta gainera ordura arte partiduko onena izandako jokalaria, Aimar Olaizola (26 puntu), galdu zuten bost faltarekin. 0 eta 11ko partziala lortu zuen kanpoko taldeak partidua asko estutuz, baina etxeko taldeak ondo jakin zuen abantaila horrekin jokatzen eta garaipena etxean gelditu zen.

Garaipen horrekin Bellosoren taldeak hiru garaipeneko aldea ateratzen dio hurrengo sailkatuari, Araberriri, lau partiduren faltan. Orain, entrenatzailearen esanetan, garrantzitsuena denak batera entrenatzen hastea da eta apurka jokalari guztiak berreskuratzea. " Ez gara handienak, ezta talentu gehiena daukagunak ere, baina badugu zerbait bereziak egiten gaituena eta espero dut partidu honen ostean hori itzuli egingo zela” dio entrenatzaileak. Horrez gain, eskerrak eman nahi izan zizkion lehen urteko kadete den Ierairi jokatutako partidu onagatik, kontutan hartuta aurretik beste partidu bat jokatuta etorri zela.