Glual Hydraulicsek ere Baskonia garaitu zuen lan txukuna eginda

img
Argazkia: Javier Zurbano.

64 eta 52 irabazi zion bi laurden oni esker eta lidergotza eskuratu du Ander Arrutiren taldeak.

Pasa den larunbatean denboraldiko zortzigarren neurketa irabazi zuen Glual Hydraulics ISBk Fundacion 5+11 Baskoniako taldearen aurka. Talde gasteiztarra talentu handiko atzerritarrez osatuta egonagatik ere, gure mutilek bi laurden on jokatu eta 64 eta 52 irabazi zien. Garaipen horri esker, Ander Arrutiren taldeak sailkapeneko lehen postua eskuratu du eta A1 ligaxkarako sailkapena oso gertu dauka.

Partidua gaizki hasi zuten Iraurgiko mutilek. Erritmorik aurkitu ezinean eta defentsa eskasa eginez Gasteizko taldeak lehen abantailak hartzeko aprobetxatu zuen. 2 eta 11ko partziala egin zuen kanpoko taldeak eta partiduaren nondik norakoa markatuko zuela zirudien. Baina, hutsarte baten ondorioz, etxeko taldeak ohiko alaitasuna berreskuratu zuen eta jokoak aldaketa nabarmen bat izan zuen. Lehen laurdena 8 eta 13koarekin amaitu zuten.

Hortik aurrera, ordea, partiduak norabide bakarra hartu zuen: ISBk garaipena nahi zuen kosta ala kosta. Defentsa gogorra ezarri zuten eta erasoan erritmo altuan jokatu zuten trantsizio azkarrak eginez. Gauzak horrela, 24 eta 11ko partziala egin zuen etxeko taldeak eta partiduan aurretik jarri ziren aldageletara joan aurretik: 32 eta 24.

Aldageletatik itzuleran adi irten zuten Arrutiren mutilek bai baitzekiten gasteiztarrek ez zutela amore emango. Horregatik, gogor lanean jarraitu zuten eta markagailuko aldeak handitzen joan ziren apurka 20 eta 12ko partziala lortuz. Horrela, laurden amaieran partidua ia erabakita zegoen: 52 eta 36.

Azken laurdena ere antzeko hasi zuten Glualeko mutilek eta 20 puntutako abantailaraino iritsi ziren. Tarte horrekin, etxeko taldea apur bat erlaxatu egin zen eta gasteiztarrek markagailuko aldea apur bat gutxitzea lortu zuten. Azkenean, 64 eta 52 amaitu zen partidua.

Datorren asteburuan ez dute Glual Hydraulicsekoek partidurik izango. Abenduko zubia dela eta Junior mailako Euskadiko txapelketak jokatuko dira eta ekipo horretako Aitor Astigarraga eta Amets Amubieta izango dira Gipuzkoako Selekzioarekin.

Hurrengo partidua abenduaren 13an jokatuko dute Durangoko Tabirako taldearen aurka, Landako kiroldegian eguerdiko 12:00etan.

GLUAL HYDRAULICS ISB 64 (8+24+20+12)
Merketegi (17), Lur (2), Iker (4), Xuban (2), Elortxa, Amets (8), Oteiza, Astigarraga (18), Jon Ander, Xabi (5), Zabarte eta Aritz (8).

FUNDACION 5+11 A 52 (13+11+12+16)
Ogueta, Babiuch, Mendizabal (10), Uriarte, Macura (15), Perez (9), Galilea (2), Petrusev (12), Duran, Andres (9) eta Martinez .