Zaher ISB azken faserako sailkatu da

img
Argazkia: Javier Zurbano.

Azken laurdenean erabaki zen partiduan 51 eta 61 irabazi zuen Tabirako Baque Aren kantxa zailean.

Pasa den larunbatean Zaher ISBk 51 eta 61 irabazi zuen Tabirako Baque Aren aurka, Durangon. Garaipen horrekin Borja Bellosoren mutilek azken faserako txartela eskuratu dute liga amaitzeko hiru jardunaldi falta direnean. Partidu honetarako Aitor Arrieta berreskuratu zuten eta Ierairen laguntza izan zuten. Orain, Julen kapitaina berreskuratzea bakarrik falta zaie talde osoa egoteko A1 ligaxkan.

Partiduaren hasierako jokoak partidu osoan zehar izan zuen ezaugarri nagusia izan zuen: bi taldeak muturreko defentsa egiten, oso agresiboak banakako defentsan eta baloi bakoitza azkena izango balitz bezala borrokatzen. Lehen hamar minutuetan Zaherrek puntu bateko abantaila lortu zuen: 10 eta. Horrela, aurkariak eroso senti ez zitezen lortu zuten Zaherrekoek eta ez zieten aukerarik eman beraien puntu askoko erritmoa ezartzen.

Bigarren laurdena antzekoa izan zen. Bi taldeetako inork ez zuen tarterik zabaltzen eta puntu bakoitza garesti ordaintzen zen. Iraurgikoen defentsa oso ona izan zen baina pikardia apur bat falta izan zitzaien kontraerasoak gelditzeko orduan. Errebotea ixteko ere hainbat arazo izan zituzten eta aurkariek gogotik ordaindu zieten. Hala ere, oso laurden serioa jokatu zuen taldeak eta atsedenaldira 25na berdinduta iritsi ziren.

Hirugarrena etxeko taldearen gogokoa izan zen. Erasoak defentsen gainetik pasa ziren eta joko horretan Tabirakok zuen irabazteko aukera gehiago. Gureek, ordea, laurdena kontrolatzen jakin zuten azken segundoan ezinezko hiruko batekin berriz atzetik jarri ziren arte: 43 eta 42.

Azken laurdenean, baina, gure mutilek barruan zeukaten guztia atera zuten eta defentsa itogarria eginez baloiaren gainean aurkariak 8 puntutan utzi zituzten. Horrez gain, beraiek erasoan asmatu egin zuten eta 19 puntu sartuta hamar puntuko abantailarekin irabazi zuten partidua: 51 eta 61.

Partidu oso ona jokatu zuten arren, Bellosoren mutilek oso ehuneko txarrak izan zituzten jaurtiketa libreetan eta baloi tonto asko galdu zituzten. Hala ere, entrenatzailearen hitzetan onena “berriro beraiek direla da, bereziak egiten gaituen izaera berreskuratu dugu eta keinu bakoitzean antzematen da… gure gabeziak lanarekin eta fedearekin bete genituen, eta taldeak banakako jokoa utzi eta taldeko jokoa lortu du.”

Hurrengo larunbatean, hilak 20, Getxoren aurka jokatuko du Zaherrek 13:00etan Azkoitiko kiroldegian.