Azken laurdenean partiduari buelta eman eta bederatzigarrena Zurtentzat

img
Argazkia: Javier Zurbano.

65 eta 61 irabazi zion Barañaingo Lagunak Limutaxi taldeari eta sailkapeneko bigarren postuan jarraitzen du.

Pasa den igandean Zurt Taberna ISBk denboraldiko bederatzigarren garaipena lortu zuen Azpeitiko kiroldegian. Partidu osoa galtzen joan ostean, azken laurdenean partiduari buelta eman eta 65 eta 61 irabazten amaitu zuen Lagunak Limutaxi Barañaingo taldeari. Garaipen horrekin, Nesken Lehen Mailako sailkapenean bigarren postuan jarraitzen du Zurt ISBk hirugarren taldearekin berdinduta.

Partidara hobeto sartu ziren Nafarrak eta aurreneko aldeak lortu zituzten. Zurtekoei asko kostatzen zitzaien saskiratzeak lortzea eta aldiz Lagunakeko neskak oso fin ibili ziren. Batez ere Londa jokalariaren puntuei esker zazpi puntuko abantaila lortu zuten. Hala ere, azken minutuetako bost eta hutseko partzial bati esker gure neskak bi puntutara gerturatu ziren lehen laurden amaieran.

Bigarren laurdena ere aurrenekoaren antzekoa izan zen, Nafarrak asko asmatuaz erasoan eta Zurtekoak zailtasun gehiagorekin saskiratzeak lortzeko. Laurden osoan Barañaingoak egon ziren aurretik beti alde txikiekin baina beti aurretik. Horrela aurreneko zatia lau puntu azpitik amaitu zuten etxekoek.

Hirugarren laurdena ere aurreko bien antzera hasi zen. Zurtekoek lanean jarraitzen zuten partiduari buelta emateko baina Nafarrek ondo eusten zioten irekitako tarteari. Hala ere, Intza Lizarazuk jarraian hamahiru puntu sartu eta lehen aldiz aurretik jarri ziren gure neskak. Hiru puntu gainetik zirela bazirudien partidua puskatzeko unea zela baina Lagunakeko neskek ez zuten partidua galdu nahi eta gogor borrokatzen jarraitu zuten. Zazpi eta hutseko partziala eskuratuz puntu bat aurretik amaitu zuten kanpokoek hirugarren laurdena.

Azken laurden hasieran Nafarrek berriro lau puntutako tartetxoa ireki zuten eta orduantxe esnatu ziren etxeko neskak. Bederatzi eta hutseko partziala eginez bost puntu gainetik jarri ziren Zurtekoak. Hala ere, azken bultzadarekin berriro bi puntutara gerturatu ziren Nafarrak baina Maitane Gurrutxagak azken segundoetan lortutako kanasta bikainak lau puntutara zabaldu zuen tartea. Azkenean horrelaxe amaitu zen partidua.

Partidu honek, ordea, zoritxarrezko gertaerak ere izan zituen. Maite Lizarazuk eta Oihane Aizpuruak min hartu zuten eta partidua utzi beharra izan zuten. Ea azkar sendatzeko aukera duten.

Datorren larunbatean partidu bikaina izango dute Zurteko neskek. Sailkapeneko liderraren, Donosti Basketen aurka, jokatuko dute Donostian 20:20ean eta zaila izanagatik ere lehen porrota jasanarazi nahi die.

ZURT TABERNA ISB

Garazi Arregi (8), Maite Lizarazu (13), Eider Bereziartua (3), Intza Lizarazu (20), Itsaso Astigarraga (4), Ane Goenaga, Maitane Gurrutxaga (4), Aitziber Besga (3), Eneritz Larrañaga (2), Oihane Aizpurua (8)

LAGUNAK LIMUTAXI

Zabala (8), Ansoain (13), Londa (14), Fuentes (10), Urtasun, Garcia, Santos (6), Izquierdo (10), Argota.