Urrezko garaipena ligako kantxarik zailenetakoan

img
Argazkia: Iraurgi SB.

40 minututan talde lan bikaina eginda 69 eta 73 irabazi zion Disdira Bitxitegiak Ordizia K.Eri.

Garaipen garrantzitsua lortu zuen Disdira Bitxitegia ISBk pasa den asteburuan Ordizian. Bigarren laurdenean minutu txar batzuk izan arren, talde lan ona egin zuten partidu osoan zeha eta 69 eta 73 irabazi zieten Ordizia K.E taldeari. Garaipen horrekin sailkapeneko bigarren postuan jarraitzen du lehenetik garaipen batera.

Partidu hasiera ona egin zuten Disdira Bitxitegia ISBko mutilek. Aldeko partziala sartzeaz gain ez zien utzi ordiziarrei beraien joko erritmoan jokatzen. Lehen laurdenean erraz aritu ziren erasoan iraurgikoak, baloia ondo mugituz eta gainera, beste taldeko jokalari garrantzitsuei falta ugari atera zizkien. Lehen laurden amaieran 15 eta 23 aurretik ziren Alex Astigarragarenak.

Bigarren laurdenean, ordea, gauzak asko aldatu ziren. Ordiziakoak erreakzionatu eta intentsitate gehiagoz jokatzen hasi ziren. Duran buru zutelarik, Iraurgikoen erlaxazioa aprobetxatu zuten eta gainera, azken segundoan urrutitik sartutako hiruko bati esker aurretik jarri ziren. Horrela, 38 eta 37 iritsi ziren atsedenaldira.

Bigarren zati osoa , 3. eta 4. laurdenak, oso lehiatuak izan ziren. Biek ala biek akats ugari egin zituzten erasoan, baina gogor defendatu zuten. Azken laurdenera puntu bateko abantailarekin iritsi ziren gure mutilak. Azken laurden hasieran, ordea, 0 eta 6ko partzial bati esker aldea zabaldu zuten Azpeitiko mutilek. Hortik aurrera tarte horrekin jokatzen jakin zuten gure mutilek eta gerturatu zirenean hiruko jaurtiketak asmatuz erantzun zien. Partidu amaieran, 69 eta 73koa zen emaitza Disdira Bitxitegia ISBren alde.

Alex Asitagarragaren hitzetan “kantxa gogorrean urrezko garaipena lortu genuen aurreko postuetan egon ahal izateko. Denok egindako lana aipatu nahi dut, gainera, minutu bat jolastu zuenak eta 35 jokatu zituenak. Aldez aurretik bagenekien 40 minutuko partidu gogorra izango zela eta errebotea oso ondo gorde genuen bigarren aukerarik eman gabe.”

Datorren larunbatean, urtea amaitzeko, Iraurgikoekin sailkapenean berdinduta dagoen Zarautz taldearen aurka jokatuko dute. Beraz, deialdi bat egin nahi dugu larunbatean, abenduak 20an, Azpeitiko kiroldegira gerturatzeko guztiok, 19:00etan Disdira Bitxitegia ISB animatzera.

Han ikusiko garelakoan, Egurre Disdira Bitxitegia ISB!!!

Saskiratzaileak: X. Aldalur(7), J. Urbizu(17), E. Irulegi(5), B. Aldalur(8), U. Amenabar(3), Azkue (3), L.Agirre (6), Astigarraga (3), Etxaniz (-), J. Alberdi(19), Merketegi (-), B. Altzibar (-).