Sein ISBk erraz irabazi zuen azken sailkatuaren kantxan

img
Argazkia: Iraurgi SB

Mondragon Unibertsitatea B taldearen gainetik pasa zen oso partidu onean. Garaipen horrekin zazpigarrena jarraian lortu dute.

Pasa den asteburuan Sein ISBk urteko eta lehen faseko azken aurreko partidua jokatu zuen. 39 eta 80 gailendu zitzaion Mondragon Unibertsitatea B taldeari eta horri esker partidu guztiak irabazi dituzte. Partidua hotz hasi zuten arren, gainontzeko minutu guztietan sailkapeneko liderraren eta azken sailkatuaren artean dagoen desberdintasuna erakutsi zuten.

Lehen laurdena apur bat galduta hasi zuten gureek. Erasoan prezipitazioa zen nagusi eta asko kostatu zitzaien erabaki onak hartzea. Defentsan, aldiz, ez zuten errebotea ondo zaindu eta aurkariei bigarren aukerak eman zizkieten. Hala ere, laurdena irabazten amaitu zuten 8 eta 13.

Bigarren laurdenetik aurrera Sein ISBko mutilek defentsako erritmoa igo zuten eta horrek aukera eman zien erasoan abiadura sartzeko. Horrela, apurka-apurka, tarteak handitzen joan ziren.
Partiduak ez zuen istorio gehiago izan. Sein ISBkoek beraien jokoa egin zuten eta abantaila zabaltzen ibili ziren azken minutu arte.

Markagailua bost minutuero: 6-2;8-13; 12-20; 19-36 (atsedenaldia) ;23-44; 27-54; 32-72; 39-80 (amaiera).

Datorren larunbatean Sein ISBk lehen fasea amaituko du Goierriren aurka 9:00etan Azpeitiko kiroldegian. Fase berria, berriz, 2015. urtean hasiko da.