Garaipen bikainarekin hasi du urtea Zurt Taberna ISBk

img
Argazkia: Javier Zurbano.

Iazko denboraldiko txapeldunari 64 eta 41 irabazita bakarrik gelditu da bigarren postuan Joseba Lizarralderen eta Aritz Aldalurren taldea.

Pasa den larunbatean partidu biribila jokatu zuen Zurt Taberna ISBk Azkoitiko kiroldegian. Urtea hasteko Tabirako Baquetalde indartsuaren, iazko denboraldiko txapelduna, aurka jokatzen zuten Joseba Lizarralde eta Aritz Aldalurren neskek, eta 64 eta 41 irabazita urte hasiera bikaina eman diote 2015 honi. Talde lan ona egin zuen Iraurgiko taldeak eta 40 minutuetan intentsitatez jokatu ostean iritsi zen garaipena. Horrela, sailkapeneko bigarren postuan jarraitzen du gure taldeak eta hirugarrena garaipen bat gutxiagorekin dago.

Partida ondo hasi zuten Zurteko neskek. Atzeko aldeko zirrikitu guztiak itxi zituzten gure neskek eta oso zail gertatu zitzaien durangarrei etxeko taldeko uztaia aurkitzea. Barruko jokoan ezin zutenez eraso gehienak kanpoko aldetik bukatzen zituzten. Bi hiruko lortuz, sei puntu bakarrik sartu zituzten laurden horretan. Zurtekoak ere ez ziren bikain ibili erasoan baina bigarren aukerak aprobetxatuz, batez ere, zazpi puntu goitik amaitu zuten laurdena.

Bigarren laurdenean, erakustaldia eman zuten gure neskek. Tabirakoko nesken lau eta hutseko partziala hamaika eta hutseko partzial batekin erantzun zuten eta horrela hamalau puntutako aldea lortu zuten. Barruan jaun eta jabe ziren gure neskak eta kanpotik asmatu egin zuten. Gainera defentsako jarrera serioarekin jarraitu zuten eta horrela tartea handitzen joan zen. Atsedenaldira 21 puntutako aldearekin iritsi ziren Iraurgikoak.

Hirugarren laurdenean bizkaitarren susperraldi txiki bat iritsi zen eta hamabost puntutara gerturatu ziren. Baina hor amaitu zen Baquekoen susperraldia.Berriro baloia ondo mugituz eta bai barruan eta bai kanpoan erabaki egokiak hartuz 24 puntutako abantailara igo zuten aldea laurdena horrela amaituaz.

Jada partida erabakita zegoela, azken laurdena oso parekatua izan zen. Zurteko jokalarien artean minutuak banatuz partida hasieran sinestezina zirudien aldearekin amaitu zen partidua: 64 eta 41.

Datorren astean aurreneko itzuliko azken partida jokatuko dute Zurteko neskek Bilbon Loiola Indautxuren aurka. Partida larunbatean jokatuko dute 19:45etan. Larunbatekoa benetan partidu gogorra izango da eta ea garaipen batekin amaitzen duten aurreneko itzulia.

PARTZIALAK: 13-6, 24-10, 16-13, 11-12

ZURT TABERNA ISB
Garazi Arregi (13), Maite Lizarazu (3), Eider Bereziartua (8), Intza Lizarazu (13), Itsaso Astigarraga (6), Ane Goenaga (4), Maitane Gurrutxaga (7), Aitziber Besga (2), Eneritz Larrañaga (8), Ainhoa Bereziartua.

TABIRAKO BAQUE
Mugerza (2), Larrazabal (3), Berganza (6), Moreno, Garitaonaindia (6), Maurtua (2), Baque (1), Ardanza (4), Orue (4), Urain (5), Aldekoa (9)