Errotaundi ISBk lehen itzuliko azken partidua irabazi du

img
Argazkia: Javier Zurbano.

David Rodriguezen taldeak azken laurden ona egin eta garaipena lortu zuen DKS talde donostiarraren aurka.

Denboraldiko lehen partiduan Errotaundi ISBk kanpoko talde bezala partidu ona egin eta irabazi egin zuela hitz idatzi genuen, eta lehen itzuli amaierara itxaron behar izan dugu berriro etxetik kanpo irabaz zezan. Pasa den asteburuan David Rodriguezen taldeak azken laurdeneko erreakzio bati esker etxetik kanpoko partidua irabazi zuen. Iraurgi Saski Baloi taldeko seniorrak 52 eta 57 irabazi zion Donostiako DKS taldeari.

Errotaundi ISBkoek gaizki hasi zuten partidua. Defentsan oso despistatuta ibili ziren eta horri esker aurkariek erraz saskiratzen zuten arotik gertu zeuden posizioetatik. Erasoan ez zeukaten pazientziarik eta ez zuten baloia ondo mugitzen. Hala ere, laurden erdialdera erreakzionatu eta berriro partiduan sartu ziren. Horrela, lehen laurdena lau puntugatik galtzen bakarrik amaitu zuten.

Bigarren laurdena aurkakoa izan zen. Iraurgikoek ondo hasi zuten laurdena eta talde donostiarrari gerturatu zitzaizkien. Baina ilusio bat besterik ez zen izan eta DKSk abantailak lortzen jarraitu zuen mugimendu bakoitzean. Horrela, berriro, markagailuan abantaila hartu zuten. Kanpoko taldeak azken erreakzio txiki bat izan zuen eta atsedenaldirako tartea apur bat txikitu zuten. Atsedenaldian 28 eta 23koa zen emaitza.

Atsedenaldi ostean Errotaundi ISBk partidutik at egin zuen salto kantxara eta DKSko taldeak aukera aprobetxatu zuen tartea 10 puntutaraino zabalduz. Eta guztia atzekoz aurrera zegoenean ekin zien gogor gure mutilek lanari. Defentsan errebotea kontrolpean izaten hasi ziren eta erasoan kontraeraso azkarrak egin zituzten. Gainera, baloia hobeto mugitzen hasi ziren eta laurden amaieran desabantaila txikiena zeukaten: 40 eta 39.

Azken laurdena izan zen Iraurgikoentzat onena. Defentsan erreboteko lan onarekin jarraitu zuten eta erasoan kontraerasoekin segitu zuten. Baloia ere ondo mugitzen aritu ziren eta jaurtiketa onenak aukeratu zituzten. Minutu baten faltan abantaila 9 puntutakoa zen Rodriguezen mutilentzat. Hala ere, azken orduko erreakzio batek duda mudan jarri zuen partidua, baina ez zen nahikoa izan partiduari buelta emateko eta azkenean emaitza 52 eta 57koa izan zen.

Errotaundi ISBk larunbatean hasiko du bigarren itzulia Azpeitiko kiroldegian 16:00etan Astigarragako Mundarro-La Salle taldearen aurka.